Atzo jokatu zuten finala Uriona eta Imazen kontra, eta 22-19 irabazi zuten. Ajangizko pilotalekuan oso jai giro polita egon zela esan dute antolatzaileek, eta jende asko elkartu zen pilotariak animatzera.
Beste mailetako finalak ere atzo lehiatu zituzten. Aurre-benjaminetan, buruz burukoan, Lea Motrollo esku pelota eskolako Jon Lopez nagusitu zen Aimarren kontra.
Benjaminetan, Kareaga-Kareaga bikotea izan zen txapelduna, Ekaini eta Inharri 18-14 irabazita. Bestalde, kimuetan, Jaiok eta Bernaolak 18-16 hartu zituzten mendean Laka eta Enbeita.
Final guztiak amaitu ostean sari banaketa egin zuten, eta antolatzaileekin eta udaleko ordezkariekin batera, Aitor Irusta aurton profesionaletan debutatu duen munitibartarra egon zen sariak ematen.
Garaikurrak eta txapelak egon ziren irabazleentzat, eta aurton, aurreko urteetan ez bezala, pilotari txikienek ere txapela jaso zuten.
Halaber, berrikuntza modura, kantxan jarrera onena erakutsi duten pilotariak ere saritu zituzten kamiseta tekniko banagaz. Hala, jokoaz gain, bakoitzaren izaerari ere garrantzia eman gura izan diote antolatzaileek. Beste partaideekiko jarrera, ikusleekiko errespetua, gizatasuna… baloratu zituzten saria zeintzuei eman erabakitzeko. Hala ere, partaide denen jarrera bikaina izan dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Nagusietan Xabier Erostarbe gipuzkoarrari eman zioten sari berezi hori. Kimuetan Aingeruk jaso zuen, benjaminetan Urtzi Kareagak, eta aurre-benjaminetan Jon Lopezentzat izan zen saria.
Bestalde, txapelketa antolatzeko izan duten laguntza eskertu dute antolatzaileek, haien babesa ezinbestekoa baita txapelketa egiteko.