Xabier Lujuak eta Jesus Estradak irabazi dute IV. Lea-Artibai Rallya
Parte hartzaileek dena eman dute aurtengo rallyan, eta emozioa mantendu da azken momentura arte. Hemeretzi autok utzi behar izan dute probaLehia bizia bizi izan da bi egunetan Lea-Artibai eskualdean. 51 autok irten zuten bariku arratsaldean Markina-Xem...
Parte hartzaileek dena eman dute aurtengo rallyan, eta emozioa mantendu da azken momentura arte. Hemeretzi autok utzi behar izan dute proba
Lehia bizia bizi izan da bi egunetan Lea-Artibai eskualdean. 51 autok irten zuten bariku arratsaldean Markina-Xemeingo Zelaitik, IV. Lea-Artibai Rallya egiteko, eta hemeretzik utzi behar izan dute lasterketa. Emozioz betetako proba izan da lehen momentutik. Goiko postuetan segundo gutxiko aldeak egon dira, eta tarte bakoitzaren ondoren, gorabeherak egon dira sailkapen nagusian. Garaipena bigarren rallyko bigarren etapako azken bi tarteetan erabaki da. Xabier Lujuaren Porche 997 GT3ak jarri du diferentzia. Aldapan gora bizkorrena izan da Lujuaren autoa.Xabier Lujuak hartu zuen lehen postua Markina eta Iturreta artean egin zen lehen tartean. Baina, 2 eta 3 segundoko aldea besterik ez zegoen Xabier Lujua eta Gorka Antxustegi, Txus Jaio eta Ander Aranaren artean. Iñaki Narbaiza, Aitor Saizar eta Aingeru Castro ere, gainean zeuden.
Aginagatik Etxebarrira, aldiz, Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti jarri ziren sailkapenaren buruan, eta horrela mantendu dira rallyko azkenaurreko tarteraino. Denborak hain justuak izanik, Lujuak aurrea hartuko zietela argi ikusten zuten Kastinparro Eskuderiakoek. Hala ere, pozik eta asebete amaitu dute IV. Lea-Artibai Rallya. «Gehiengoa eman dugu tarte guztietan», nabarmendu dute.
Antxustegik eta Urrestik bezala, dena eman dute aurtengo rallyko beste parte hartzaileek ere. Txus Jaio eta Jesus Urkidi ere aurreko postuetan ibili dira. Azken momentuan, baina, palierragaz arazoak izan dituzte pilotu eta kopilotu markina-xemeindarrek, eta sailkapenean atzerago geratu dira. Hala ere, rallya amaitu eta euren kategoriako saria eraman dute.
Ikusleen txalo beroa jaso zuten bai eta ere sari banaketan, Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga Kastinparro Racing Eskuderiako pilotu eta kopilotuak. Lehia bikaina egin arren, kolpe batek rallytik kanpo utzi zituen azken egunean. Pilotua eta kopilotua ondo atera ziren, baina autoa nahikoa apurtuta geratu zen.
Ikusle asko
Gernika Racing Eskuderiako Ander Arana eta Arkaitz Kobeaga podiumaren atarian geratu dira azkenean, laugarren postua eskuratuz. Euren atzean gelditu dira Hamaika Eskuderiako Aitor Saizar eta Gorka Aginaga.
Edu Gartzia ondarrutarrak eta Jose Jabier Aginaga markina-xemeindarrak, bestalde, 25. eta 26. postuak lortu dituzte, eta Gernika Racing Eskuderiako Jon Murgialdaik 22. postua, Anartz Arrietak 27.a eta Aratz Zarakondegi 29. postua eskuratu dute sailkapen nagusian.
Ikusle piloa eta giro handia izan dira nagusi aurten ere, Kastinparro Racing Eskuderiak antolatutako norgehiagokan. Eurentzat ere egon zen ikusle eta motorzaleen txalo zaparrada, horrelako ikuskizun bat antolatzen egiten duten ahaleginagatik. Urtez urte, gainera, hobetzen eta berritzen joaten direla azpimarratu zuten rallyko parte hartzaileek, antolatzaileen lana zorionduz.