Isabel Castro: «Krisiak genero desberdintasuna handitu egin du»
Ondarroako Uxuk antolatuta, Isabel Castro feminista eta ESK-ko kideak hitzaldia emango du bihar, 19:00etan, Etxelilan. Hitzaldian herritar guztiek parte hartu ahal duteUxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta, Isabel Castro feminista eta ESK sindika...
Ondarroako Uxuk antolatuta, Isabel Castro feminista eta ESK-ko kideak hitzaldia emango du bihar, 19:00etan, Etxelilan. Hitzaldian herritar guztiek parte hartu ahal dute
Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta, Isabel Castro feminista eta ESK sindikatuko kideak Consecuencias de la crisis en la vida de las mujeres hitzaldia eskainiko du bihar, 19:00etan, Ondarroako Etxelilan. Herritarrei bertan parte hartzeko dei egin die Uxuk.Hitzaldian, besteak beste, krisiaren aurretik zein krisi garaian emakumeen egoera zein izan den eta zein den aztertuko dute. «Krisialdia ailegatu aurretik, hainbat neurri hartu ziren genero berdintasunerantz abiatzeko. Baina krisi garaia ailegatu zenean, neurri horiek alboratzeaz gain, hartu ziren neurriak ez ziren genero ikuspegitik hartu». Horrela, Castroren esanetan, krisialdiak genero desberdintasuna oraindik ere gehiago handitu du.
«Krisialdian, eraikuntzaren alorrean-eta zenbat lanpostu galdu ziren kontatu zuten komunikabideek. Baina kontatu zuten hori ez zuten genero ikuspegitik aztertu. Horrela, Zapatero Espainiako presidente izan zen garaian hartu ziren neurriak ere ez ziren genero ikuspegia kontuan edukita hartu. Eta, noski, krisiaren aurretik genero desberdintasuna handia bazen, gerora, handiagotu egin da».
Castroren esanetan, lan arloan desberdintasuna «nabarmen» atzematen bada ere, emakumeen zein gizonezkoen bizi kalitatea aztertuz gero, hor ere desberdintasuna nagusi dela dio. «Zelakoa da denboraren erabilpena gizonengan eta emakumeengan? Zeintzuk dira batak eta besteak betetzen duten funtzioak? Dudarik gabe, emekumeen bizi kalitatea baxuagoa da. Eta hori kontuan hartu behar da».
Kontziente izan edo ez
Orokorrean, jendartea ez dela egungo egoeraz jabetzen dio Castrok. «Botere politikoak erabiltzen duen hizkuntzaren arabera, berdintasunean oinarritzen den jendartean bizi gara. Eta modu horretako hizkuntzak ez du azpian dagoena bistaratzen lagatzen».
«Neurriak exijitu»
Azterketak, datuak, estatistikak… Castroren arabera, horiek guztiak bistaratzea lan mardula da. «Epe luzera begira egin behar den lana da, gutxinaka-gutxinaka egitekoa. Datuak hor daude, eta horiek erakusten dute zein den gaur egungo errealitatea».
Krisiak generoaren alorrean utzitako ondorioak kezkagarriak direla adierazi du. «Berdintasunean aurrera egiteko, egoeraz jabetu behar gara. Hori egin eta gero, politikariei hartu beharreko neurriak exijitu egin behar dizkiegu».