Herritarrek egindako pastorala
Zapatuan Kostaldeko Pastoral Txikia antzeztuko dute ibarrangelutarrek. Don Domingo garai bateko abadearen bizitzari buruzko lanean 70 bat herritarrek parte hartu dute.Iaz Don Domingo Zuluagaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko elkartu ziren ibarrangelu...
Zapatuan Kostaldeko Pastoral Txikia antzeztuko dute ibarrangelutarrek. Don Domingo garai bateko abadearen bizitzari buruzko lanean 70 bat herritarrek parte hartu dute.
Iaz Don Domingo Zuluagaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko elkartu ziren ibarrangelutarrak, eta aurten haren bizitzan oinarritutako pastorala egingo dute. Hain zuzen, zapatuan, 19:00etan izango da antzezlanaren estreinaldia.70 bat herritar batu dira pastorala prestatzen. Denak ere ilusioz eta gogotsu murgildu dira ekimenean.
Denentzako zereginak izan dituzte: arropak josi, gauzak margotu eta konpondu, materiala bilatu…
Horrela, adin tarte guztietako bizilagunek parte hartzen dute, umeetatik hasi eta nagusietara. Esate baterako, herriko gazte asko behar izan dituzte gerra garaiko soldaduen papera antzezteko.
Herriko taldeek ere beren ekarpena egingo dute; koruaren kantekin girotuko dute pastorala, eta Lorea dantza taldekoek ere dantzatuko dute.
Don Domingok idatzitako Ibarrangelu kantu eta kontu liburuko pasarteetan oinarrituta idatzi dute antzezlana. Hala, herriko abadearen bizitza errepasatuko dute ordubete pasatxoan.
Herritar kuttuna
1949tik 1989ra Ibarrangeluko eta Arkordako elizen ardura izan zuen Don Domingok. Baina, ibarrangelutarrentzat herriko abadea baino askoz gehiago zen.
Ezagutu zutenek pertsona zintzo, zuzen eta langile bezala gogoratzen dute. Horien berbetan, ekarpen «handia» egin zion udalerriari. Besteak beste, euskal zaletasuna, kultura eta herriarekiko maitasuna erakutsi zizkien bertakoei.
Hark sortu zuen, gainera, Lorea herriko dantza taldea. Institutuko ikasleei latinezko eskolak ematen ere ibili zen, eta baita txistua jotzen irakasten ere.