Umeen Euskal Jaia ospatuko dute 250 umek domekan, Lekeition
250 ume batuko dira domekan, Lekeition, elkarregaz dantzan egiteko. Herriko Etorkizuna dantza taldeak VIII. Umeen Euskal Jaia antolatu du, eta herriko dantzariez gain, beste bost taldek ere parte hartuko dute jaian: Bilboko Goierrik, Markina-Xemeingo ...
Dantzari guztiei harrera egin ondoren, 12:00etan hasiko dute kalejira Atea kaletik, eta Talarainoko ibilbidea egingo dute Eskolapetik pasatuta. Dantzaldi bat ere egingo dute bertan. Agintari eta Txotxongilo, Txulalai eta Zapatain eta Bizkaiko zinta dantza eta arku dantza egingo dituzte.
Talatik plazarako ibilbidea egingo dute kalejiran ondoren, Txatxo Kaiatik zehar, eta plazan, berriz, dantzaldia eskainiko dute dantzari txikiek. Oraingoan, Zortziko, Ezpata txiki eta Binako, Xanpetrike, Saltokua, eta Gorulari dantzatuko dituzte.
Arratsaldeko erakustaldia
Eguerdian, bazkaltzeko tartea egin ondoren, 17:00etan batuko dira dantzariak Atean, eta kalejiran joango dira plazara, arratsaldeko dantzaldia eskaintzeko. Talde bakoitzak, nahi dituen bat edo bi dantza egingo dituztela jakitera eman dute Etorkizuna dantza taldekoek, eta jaiagaz amaitzeko Zazpi Jauziak eta Larrain dantza dantzatuko dituzte guztiek batera.