78 urtera ere oroitu beharra
Faxisten hegazkinek Gernika bonbardatu zuteneko urteurrena izango da domekako eguna. Udalak ez ezik, herriko elkarte eta taldeek ere ekitaldiak antolatu dituzte1937ko apirilaren 26 odoltsu hura gogoan izango dute, beste behin ere, Gernika-Lumon. Faxist...
Faxisten hegazkinek Gernika bonbardatu zuteneko urteurrena izango da domekako eguna. Udalak ez ezik, herriko elkarte eta taldeek ere ekitaldiak antolatu dituzte
1937ko apirilaren 26 odoltsu hura gogoan izango dute, beste behin ere, Gernika-Lumon. Faxisten hegazkinek herria bonbardatu zuela 78 urte beteko dira domekan. Urtero legez, hainbat ekitaldi antolatu ditu Gernika-Lumoko Udalak (George Steer kazetariari omenaldia, Gernika Sarien banaketa, bonbardaketan hildakoen aldeko hileta elizkizuna Zallo hilerrian…).Hala ere, herritarrek eta herriko talde zein elkarte ezberdinek ere sarraski hura gogoan izateko ekitaldiak antolatu dituzte. Gernika Batzordeak, esaterako, 4 minutu ekimenean parte hartzeko deia egin die gernikar denei. Orain 78 urte Gernikan bonbak bota zituzten ordu berean (15:45ean) joko dute sirenek eta kanpaiek; eta 4 minutuko isil eta geldiunea egingo dute. Errenteriko zubia, Merkurio iturriaren parea eta San Kristobal plaza dira elkarguneak.
Astra arma lantegia zeneko sirena berreskuratu zuten Gernika-Lumoko gazteek 2006. urtean. Orduz geroztik, sirena horren hotsa entzun izan da Ger- nika-Lumon, apirilaren 26an. Gernika 4 minutu ekimena 2012. urtean egin zuten lehenengoz (bonbardaketaren 75. urteurrenean). «Pentsatzeko, oroitzeko, gogoratzeko…» minutuak dira, sustatzaileen arabera.
Gernika Batzordeak deituta, baita, kandelen argiek piztuko dituzte Gernika-Lumoko kaleak, iluntzean. Manifestazio isila egingo dute aurten ere, 21:30ean, Foru plazatik hasita.
Gernika Sariak
Bonbardaketaren eguna oroitzeko ekitaldi gehiago ere izango dira egun horretan. Domeka goizean, George Steer kazetariari egingo dioten omenaldiak zabalduko du Gernika-Lumoko Udalak prestatutako egitaraua. Gernikazarra Historia Taldeagaz batera, lore eskaintza egingo dute, Steerren eskulturan.
Ostean, eguerdi partean, Lizeo Antzokian batuko dira agintari eta herritarrak, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarien banaketan. XI. edizioa izango da aurtengoa. Hain zuzen, Mohamed Abdelaziz eta Carlos Martin Beristain izango dira sarituak. Bi horiek bakearen eta berradiskidetzearen alde egindako lana eta erakutsitako konpromisoa sarituko ditu aurten Gernika-Lumok.
Fronte Polisarioko idazkari orokor eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren presidentea da Abdelaziz. Hain zuzen, Saharan bakea lortzearen eta giza eskubideekiko errespetuaren alde lan egiteagatik hartuko du saria, domekako ekitaldian.
Beristain, bestalde, azken hiru hamarkadetan indarkeria gatazken biktimei lagunduz eginiko lanagatik sarituko dute. Besteak beste, Guatemalan, Kolonbian, SEADen, Bosnian, Mexikon eta Euskal Herrian jardun du.
Gernika Sariak horretarako sortutako epaimahaiak aukeratu ditu. Herritarren eta elkarteen proposamenak aztertu ostean hartu dute erabakia. Hain zuzen, udaleko ordezkari politikoek, Pforzheimgo alkateak, Gernika Gogoratuz Fundazioak, Gernika-Lumoko Kultur Etxeak eta Gernika-Lumoko Bakearen Museoak osatzen dute.
Erakusketak
16:30ean, Zallo hilerrian batuko dira udal ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundikoak, Eusko Jaurlaritzakoak, bonbardaketatik bizirik atera zirenak eta Gernika-Lumoko bizilagunak. Hain zuzen, 1937ko apirilaren 26an hil ziren herritar denen omenezko hileta elizkizuna egingo dute hilerrian, lore eskaintza egiteagaz batera.
Bonbardaketagaz lotuta, gainera, hainbat erakusketa egongo dira ikusgai egunotan. Bakearen Museoak bonbardaketaren ostean herria nola berreraiki zuten kontatzen duen erakusketa hartuko du, urrira bitartean: Ondarearen berreraikuntza gerra ondoan: ‘Regiones Devastadas’ Gernikan. Euskal Herria museoan, berriz, Los Gernika de Barcelona erakusketa inauguratu zuten atzo.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, berriz, gaur inauguratuko du erakusketa berria: Gerrak dena aldatzen du.