bisitariak, Aita Guria baleontzian
Busturialdea bete egin dute turistek Aste Santuan. Baina, batez ere, Bermeon eta Gernika-Lumon igarri da bisitarien eragina. Kostako herrian, esaterako, ostatuak ia bete-bete egin dira bukatu berri den oporraldian. Bermeoko Udalak zehaztu duenez, jai egunetan, ostatuek ia %100eko betetze maila izan dute.
935 izan dira turismo bulegora jo duten pertsonak. Datuak onak direla esan du udalak, eta turismo jasangarriaren alde egindako apustua azpimarratu dute: «Herri arrantzalearen izaeraa nabarmendu dugu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta mantendu, eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismoaren aldeko apustua egin dugu».
Bestalde, Aste Santuan zabaldu duten Aita Guria baleontziak izan duen arrakasta ere aipatu dute. Hilaren 2tik 5era izan da zabalik, eta, egun horietan, 158 bisitari izan ditu. Hala ere, datozen hilabeteetan kopuru horrek gora egitea aurreikusi dute.
Gernika-Lumon ere bisitariek gora
Gernika-Lumoko datuak ere baikorrak dira. Hiribilduko Turismo Bulegoak Aste Santuan 2.351 bisita jaso dituela zehaztu dute, eta iazko datuak gainditu dituela. 2014ko Aste Santuko oporraldiarekin alderatuta, turismoak %18,50 egin du gora.
Era berean, Astrako bunkerrak jaso dituen bisitak ere azpimarratu ditu udalak. Hain zuzen, 500 lagunek bisitatu dute aire-erasoengandik babesteko aterpea. Piztutako interesa kontuan hartuta, Turismo Bulegoak apiril osora zabaldu du hori bisitatzeko aukera. 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, apirilaren 24an eta 25ean izan ezik. Bonbardaketaren urteurrena dela eta, bi egun horietan 10.00etatik 18:30era irekiko dute.