Gazteak herri bazkarian. Argazkia: Busturiko Gazte Asanblada
Espero zutena baino jende gehiago hurbildu zen zapatuan, Busturiko Gazte Asanbladak antolatutako Gaztetxe Egunera. Aritz Arregi Busturiko Gazte Asanbladako kideetako batek azaldu legez, «herriari begira antolatu da aurtengo Gaztetxe Eguna, ez aurrekoetan egin modura. Herriko eskaintza zabaltzea zen asmoa». Eta lortu dutela diote, 12 urtetik eta 30 urtera bitarteko gazteak batzea lortu da Gaztetxean, «egun eta momentu berean». Horregatik, «pozik» agertu dira Busturiko Gazte Asanbladako kideak, «hori izan da eguneko gauzarik baikorrena».
Herriko gazteak batzea lortu bazuten ere, inguruko herrietako gazteak ere erakarri zituzten. Asko eta asko izan ziren busturiarrekin Gaztetxe Eguna ospatzera animatu ziren eskualdeko gazteak. Hala, «topera» ibili direla azaldu dute Busturiko Gazte Asanbladakoek.
Orain arte, Gazte Eguna antolatu izan du Busturiko Gazte Asanbladak, eta egitaraua Axpe auzoko zenbait lekutara zabaldu izan da azken bi urteetan. Aurten, baina, prestatu dituzten ekintza guztiak Axpeko Otsozulo Gaztetxera mugatu dituzte. Herri bazkariarekin hasi zuten eguna, 36 lagun inguru batu ziren. Ondoren, mahai futbol txapelketa eta ping-pong txapelketetan parte hartzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Iluntzean, eskualdeko bertsolariak hartu zuten Gaztetxeko oholtza. Horien ostean, berriz, Primeros Auxilioss eta Pixontxis musika taldeak aritu ziren gaua girotzen. Azkenik, goizaldera arte, Bull disko jartzailearen musikarekin dantzatu zuten.
Datorren urtera begira, «formatu berdinarekin» jarraitzeko asmoa agertu du Busturiko Gazte Asanbladak: «aurtengoa ideia ona izan da eta hobeto joan da. Gainera, asanbladaren errealitatera hobeto moldatzen den plangintza bat izan da».