Bermeoko Irakurleen Txokoak Lekeitiora egingo du irteera zapatuan
Bermeoko irakurleen txokoak ekimen berezia prestatu du hilabete honetarako. Hala, oraingoan, eguenean udal liburutegian bildu beharrean, zapaturako jarri dute hitzordua. Hain zuzen ere, Lekeitiora joango dira, bertan Miren Agur Meabe idazleagaz batzeko.
Irakurleen Txokoko saio berri horretan Miren Agur Meaberen Bitsa eskuetan liburuaz mintzatuko dira. Jakinarazi dutenez, goizean abiatuko dira Lekeitiora eta eguerdira arte, Meaberekin izango dute solasaldia txokoko parte hartzaileek. Elkarrekin bazkaldu ostean, Bermeora bueltatuko dira.
Irteera librea da eta gura duten herritarrek parte har dezakete. Hala ere, parte hartu gura dutenek aurretiaz eman beharko dute izena udal liburutegian. Eguena da horretarako azken eguna.