Iñigo Canok (Gernika-Lumo, 1972), Mikel Canok (Gernika-Lumo. 1971), David Layak (Bermeo, 1981) eta Txema Guarrotxenak (Bermeo, 1977) osatzen dute Sealed Room. Taldeak prest du hurrengo lana izango dena:
Obsero. Hori posible egiteko, baina,
crowdfunding kanpainan sartuta daude.
Sealed Room musika taldea
Obsero lana grabatzeko prest duzue. Hori egiteko, crowdfunding kanpaina abiarazi duzue. Zer dela eta?
Sealed Room taldearen jarraitzaileak diren horiek, gure lanaren parte izatea gura dugu. Jendea gure diskoaren parte sentitzea da helburua. Uste dugu jendearengana iristeko modu ona dela, eta batez ere, gure ilusioa eta disko hau ateratzeko dugun gogoa elkarbanatzen dugu.
Zertan datza kanpaina?
Disko berria grabatu ahal izateko helburu ekonomiko bat lortzean datza, 40 egunetan. Bost eurotik 300 eurora jarri daitezke. Bakoitzak jartzen duenaren araberako ordainsaria izango du ondoren.
Eta zer moduz doa?
Ez doa txarto, baina laguntza gehiago beharko genuke.
Jendea animatzen al da oraindik argitaratu gabe dagoen zerbaitengatik ordaintzen?
Bai, gero eta jende gehiagok daki zertaz doan
crowdfunding proiektua. Batez ere, gu ezagutzen gaituenek ondo erantzuten ari dira, eta gu, zelan ez, oso eskertuta gaude.
Zer eskainiko du Obsero lanak?
Rock alternatiboa eskainiko duen diskoa izango da. Letrak oso pertsonalak dira, baina edozein pertsona sentitu ahalko da islatuta. Musikak atmosfera eta melodia asko izango du. Uste dugu disko berri honekin, urteekin izan dugun bilakaera nabaritu ahalko dela.
Aurretiaz egindako lanen ildo berekoa al da?
Musika arloan hobeto ezagutzen garen aro batean gaude; zuzeneko gehiago egin ditugu elkarrekin eta bilakaera atmosferikoagoa izan dugu.
Zenbat abestik osatuko dute disko berria?
Sei abesti izango dira. Bakoitzak bere kutsu berezia izango du, baina Sealed Room izateari utzi gabe.
Dena prest al duzue kanpaina amaitzen denean estudiora sartzeko? Non grabatuko duzue?
Horretan gaude, bai. Bilboko Koba estudioetan grabatuko dugu. Xanpegaz grabatzeko segurtasuna eskaintzen digu, eta gogo handia genuen. Egun Sealed Room dena diskoan irudikatzeko konfiantza ematen digu Xanpek.
Abestiak nork idazten ditu? zer kontatzen dituzte? musika jartzerakoan zelan egiten duzue?
Prozesu bitxia da gurea, ez dugu letrak idazten gehiengoak egiten duten modura. Musika ontzen gauden bitartean sortzen dira letrak, gehienetan, lokalean inprobisatzen ari garela sortzen dira. Era berean, Iñigo abeslariak bere buruan dituen zenbait esaldi sartzen ditu letretan. Hala ere, ez da inoiz idaztera jesartzen. Behin edo behin saiatu da letra idatzita duela musika jartzen, baina ez da ezer ateratzen. Beraz, taldeak musika sortzen duen heinean sortzen dira letrak ere.
Beste talderen baten eraginik al du zuen taldeak?
Sealed Room musika taldeko kide bakoitzak bere gustuak ditu, nahiko desberdinak dira, gainera. Bakoitzak bere estiloa du. Horren eraginez, gure musikak metal gogorrenatik hasi eta rock alternatibora egiten du. Ez daukagu eragin argi bat, hala ere, Sober taldearekin lotzen gaituzte askotan. Antzekoena ahotsa izan daiteke. Bestalde, Mikel gitarristak Sober taldearen musika ez du inoiz entzuten eta bera da ideia gehien ematen dituena musikalanetan. Gustoko ditugun ideien artean mugitzen gara eta Sealed Room denarekin egokienak direnak hartzen ditugu.
Zeintzuk dira zuen planak epe laburrera?
Garrantzitsuena orain,
Obsero lana grabatzea da. Bestalde, ahal ditugun kontzertu guztiak eskainiko ditugu eta posible badugu Euskal Herritik kanpo ere jo gura dugu, Madrilen edota Bartzelonan.