Iazko pintxo lehiaketako irabazleak: Izaro taberna, Ados Gastroteka eta Zubi Gane taberna
Beste behin ere, Arrain Azokaren baitan, pintxo lehiaketa antolatu du Bermeoko Eleizalde ikastolak. Aurtengoa lehiaketa horren hamahirugarren urtea izango da, eta herriko 20 taberna baino gehiago izango dira parte hartzen.
Ohikoa den moduan, arrainarekin egindako pintxoak izan beharko dira lehiaketara aurkeztutakoak. Aipatu lehiaketan parte hartzen duten pintxoak Aste Santutik aurrera dastagai izango dira. Hain zuzen ere, maiatzaren 3ra arte dauden asteburu eta jai egun guztietan izango dira dastagai. Egun horietan, 12:00etatik 14:30era dastatu ahalko direla jakinarazi dute.
Arrain Azokako pintxo lehiaketan parte hartzen duten taberna guztiekin eskuorri bat prestatuko dute antolatzaileek. Horretan, lehiaketara aurkeztutako pintxoen argazkiak ikusi ahalko dira, bakoitza zelan dagoen eginda azaltzen dute eta zein tabernatan eginda dagoen. Eskuorri hori lehiaketan parte hartzen duten tabernetan eta Bermeoko Turismo Bulegoan aurki daiteke. Hemen ere ikus daitezke:
http://bit.ly/1My9qO5
Partaide bakoitzak bere tabernan jarriko du pintxo lehiaketaren kartela, eta era berean, lehiaketara aurkeztutako pintxoa zein den adierazita izango du.
Lau sari banatuko dituzte, Arrain Azokaren asteburuko zapatuan, maiatzaren 16an, 13:00etan Lamerako kioskoan. Epaimahaikideek emango dituzte hiru sari eta herritarrek, berriz, sari bat. Izan ere, publikoak liburuxka baten bitartez baloratu ahalko ditu lehiaketara aurkeztutako pintxoak. Ondoren, horretan parte hartzen duten guztiek zozketa batean sartuko dira.