Zenbait parte hartzaile martxan
Iaz baino parte hartzaile gutxiagogaz eta lokatz gehiagogaz igaro da Campos Urdaibai Kopako bigarren proba. Ereñon bildu ziren domekan 500 lagun baino gehiago, martxa luzean, laburrean zein lasterketan parte hartzeko. Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, giro onean eta pozik egin zituzten aurretik zituzten kilometroak. Erorketaren bat edo beste izan zen arren, arazorik ez zela gertatu azaldu dute antolatzaileek.
85 lagunek zuten izena emanda Ereñoko mendi lasterketan, eta horietatik 84 lagunek lortu zuten ibilbidea hasi eta bukatzea. Mutil zein neskak aritu ziren mendian gora eta behera, eta, batzuk azkarrago, besteak astiroago. Mutiletan, esaterako, Ibon San Miguel izan zen helmugara lehena ailegatzen; hain zuzen, 01:54:32ko denbora behar izan zuen horretarako. Bi minutu beranduago iritsi zen Gaizka Aretxaga, eta 14 bat segundora Jose Gabriel Ruiz. Laugarren eta bosgarren, gainera, Gautegiz Arteagako Antxon Luengok eta Kortezubiko Aritz Arrutik egin zuten.
Nesketan, berriz, Maite Aizpuruak irabazi zuen 02:37:00eko denboraz lasterka aritu ostean. Agurtzane Argiarro eta Edurne Gonzalez izan ziren hurrengoak, 02:41:02 eta 03:00:45eko denbora eginda, hurrenez hurren.
lehenengo hiru onenak, nesketan
Lehenengo hiru sailkatuak, mutiletan