Gaur goizeko aurkezpenean, Gonzalo Beaskoetxea eta Edorta Basterretxea
“Neguan ere, zesta puntagaz gozatzeko aukera ematea” dute helburu zazpigarren urtez antolatu dituzten kinielek. Etzi hasi eta maiatzaren 8ra bitartean gauzatuko dituzte.
Munduko Amateur txapeldunen eta etorkizuneko hainbat zestalariren arteko partiden bitartez, Gernika-Lumoko eta eskualdeko zaletasuna berreskuratzea dute xede antolatzaileek, eta, era berean, Aste Santuan Gernika-Lumora bertaratzen diren turistentzako ekintza erakargarri bilakatzea ere.
Hala, eta iazko formatuari jarraiki, sei kiniela egingo dituzte. Egun horietarako, 19:00etan jarri dute ordua Jai Alai frontoian. Ordu horretan hasiko baitira kadete mailako zestalarien partidak. Hala ere, kategoria horretako partidak bihar barik, etzi hasiko dira, eta, guztira, bost bikotek bost kiniela jokatu beharko dituzte.
Ordubete beranduago hasiko dira nagusien arteko norgehiagokak. Kasu honetan, hamabi puntista ariko dira lehian, kiniela amerikarraren formatuan. Horietan gehienak herrikoak bertakoak izango diren arren, Markina-Xemein, Berriatua eta Eako lagunak ere izango dira.
Guztien artean lehenengo hiru onenen artean geratzen direnenetzako sariak egongo dira: lehenengoak 250 euro jasoko ditu; bigarrenak 150 euro, eta, hirugarrenak 100 euro. Astero, gainera, 40 euro jasoko ditu irabazten duenak.
Aurreko urteetan jende mordoa elkartu da Gernika-Lumoko frontoian, eta, oraingoan ere hala izango dela uste dute antolatzaileek. 200 lagunetik gora biltzen dira zesta-puntako partida horietan, eta Aste Santuko eguen eta barikuan, 500 bat lagun. Horien guztien artean, «oso giro ona» sortzen da Jai Alaikoen arabera. Sarrera, gainera, doanekoa da eta bertako taberna ere zabalik izango dute. Bestalde, Eusko Label produktuekin betetako otzara bat zozkatuko dute.