Garaipenagaz eta seigarren postuan bukatu du liga Gernika Bizkaiak
Emakumeen Ligara egin zuen salto iaz Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak; aurtengoa, beraz, goreneko mailako lehen urtea izan du. Bere helburu nagusia maila mantentzea zen, baina egindako lan bikainari esker, maila jaitsiera saihestea ez ezik, sailkapen orokorreko seigarren postua eskuratzea ere lortu du. Hala, aurtengo denboraldiagaz «pozik» bukatu du taldeak.
Zapatuan jokatu zuten denboraldiko azken partida gernikarrek Mann Filter taldeko jokalarien aurka, eta denboraldia garaipen bategaz agurtzea lortu zuten. 60-69 bukatu zen partida, gernikarren alde. Bosgarren postua lortzeko irabazi beharreko partida zen zapatukoa, eta, hala egin zuten. Baina beraien garaipena ez zen nahikoa postu hori eskuratzeko; izan ere, Bembibre taldeak galdu egin behar zuen, eta ez zuen hala egin.
Hamalau garaipen
Hala ere, Gernika-Lumoko taldea hamalau garaipenekin eta seigarren postuagaz ere pozik agertu da. Gainera, taldeko entrenatzaile Mario Lopezek azaldu duenez, saskibaloian Espainiar estatuan dagoen maila gorenean talde bizkaitar batek inoiz lortu duen sailkapen postu onena lortu du bertoko taldeak.
Oro har, urte «oso polita» izan da igarotakoa Lopezentzat. «Joko alai eta ikusgarri baten bitartez, herritarrak Malostera erakartzea lortu dugula uste dut», dio entrenatzaileak. «Gainera, emakumeek maila altuan ere lehiatzeko gaitasuna dutela erakutsi dute taldeko neskek».
Eta denboraldi borobil horretan publikoak paper garrantzitsua jokatu duela uste du Gernika Bizkaiako entrenatzaileak; horregatik, horiek eskertu beharrean agertu da: «oro har, publiko guztiari, eta, bereziki, Peña Sakonekoei eskerrak eman behar dizikiegu, Maloste betez eta gu animatuz, asko lagundu digutelako». Hala, datorren urtean ere, taldearengandik hurbil mantendu daitezen espero du Lopezek.
Taldeak, bere aldetik, ilusioz begiratzen dio etorkizunari, eta proiektua mantentze bidean, babesleak lortzen saiatuko dela azaldu du.