
Lekuek 2015
Zazpi egun, dozenaka leku, berrogeita hamar ekitaldi baino gehiago eta festibal bakarra. Herriko hainbat talde, elkarte eta norbanakoren esfortzua da Gernikako Lekuek Festibala, eta bigarren urtez, hango eta hemengo jendea batu du bere egitarauak. Aste osoko eskaintza musikala ekarri dute aurten ere Gernika-Lumoko Lekuek, eta aniztasun horrekin gozatzeko aukera izan da.
Hitzaldiak, tailerrak, bideo proiekzioak… Zuzenekoak baino gehiago izan dira lekuetan, musikaren munduak ematen dituen aukeren islada. Ainara LeGardonen ponentziak eman zion hasiera festibalari, eta hurrengo egunetan ere izan dira hitzaldietan jorratu dituzten hainbat gai. Horien artean, eguazteneko
Kata Crock! Rocka badator izenburupean egin zuten ekitaldia. Atzera begira jarri, eta Gernika-Lumoko musika ibilbideari errepaso bat eman zioten, 80ko hamarkadan hasi eta gaur egun arte herriko musika eszenako protagonista izan direnekin solasean.
Asteburua, bete-betea
Asteburuari begira, baina, zuzenekoek eta emanaldiek hartu zuten protagonismoa Gernika-Lumoko festibalean. Paus portugaldarrek giro ederra sortu zuten Trinkete Antitxokoan, eguenean. Eta dantzarako doinuak ipini zituen Ray Fernandez kubatarrak, Astran. Eñaut Elorrieta gernikarrak lagundu zion horretan.
Barikuan umeek ere parte hartu ahal izan zuten Lekuek festibalean, musikarekin kontaktuan jarriz. Urdaibai Folk taldearen laguntzarekin, musika instrumentu ezberdinak ezagutzeko aukera izan zuten, eta horiek sortzen zituzten doinuekin dantzan ere aritu ziren. Gainera, nork bere etxetik hartutako musika tresnarekin, kalejira egin zuten gero.
Eta Gernika-Lumoko hainbat taberna leku bilakatu izan dira bereziki asteburuan. Ospa, Zeppelin, Musutruk, Zarata, Arima, Atxur, Revolution, Irrintzi, Musutruk, Lagun-Etxea, Zarata… Kaleko eguna izan behar zuen zapatukoa, baina eguraldiak mugatu egin zuen kaleko egitaraua, eta Pasealekuko arkupea bat-bateko leku bihurtu zen. Han ipini zuten, baita, biniloen azoka. Mike Whellans, james Room, Sustrajah Band, Potato, Izaro Andres, Zea Mays, Ainara LeGardon, The Vartools, Toby Connor, Fellas, Nebbian, Albert Pla, Hesian, Gruvs, Tooth, Aterkings, The Riff Truckers, Bullet proof lovers… Hainbat izan dira, baita, egunotan festibalari beraien musika ipini dioten Dj-ak.
“Sentsazio onak”
Festibalak utzitakoagaz pozik daude antolatzaileak, eta “sentsazio onak” dituztela azaldu dute. Trinkete Antitxokoko kide Igor Erzillak azaldu legez, musika talde berriak ezagutzeko aukera izan dute, eta musikariak eurak ez ezik, publikoa ere gustura ibili dela Lekuek Festibalean. Balorazio orokorra egin gabe dute oraindik, baina hurrengo urteari begira daude. “Jendea gogotsu ikusten dut datorren urtean hirugarrena antolatzeko”. Eta zenbait ideia ere badituzte festibala herritarrengana eta herriko leku ezberdinetara zabaltzeko: “Adibidez, merkatariek ere parte hartzea gustatuko litzaiguke”.
Jendea erakarri du jaialdiak aurten ere, baina zapatuko euriak kaleko egitaraua zapuztu zuen. “Aterpe tabernan jo zuten kalean izan behar ziren kantariak, eta, egia esateko, ondo joan zen dena”. Hala ere, tabernek ordutegi zabalagoa ez izatea kritikatu dute antolatzaileek. “Eskaera egin dugu udaletxean, baita Juan Calzada kalea zarratzekoa ere, baina ezetza eman digute”. Ohiko ordutegia mantentzeak diru sarerretan eragina izango duela uste dute: “Astran, Iparragirren eta Trinketen kontzertuak amaitu ostean bete ziren tabernak, baina dagoeneko berandutxu zen”. Ostalariek egindako apustua ere eskertu dute festibalaren antolatzaileek.
Omenaldia
Aurten, gainera, Busturialdeko gitarra jotzaile onenetako bat omendu du Gernikako Lekuek Festibalak: Jose Alberto Batiz. Harekin solasean aritzeko aukera izan zuten joan den astelehenean Astrara hurbildu zirenek, eta Jorge Etxebarrieta Txortx-en eta Gaizka Salazarren (Gatibu) laguntzarekin, kontzertu labur bat ere eman zuen ostean.
-
-
Lekuek 2015
-
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015
-
-
Lekuek 2015