Iazko Kabelinatxe Eguna
Aurten ere bere eguna ospatuko du Nabarnizko eta Ereñoko dantzari gazteak batzen dituen Kabelinatxe dantza taldeak. Iaz Nabarnizen egin zuten Kabelinatxe Eguna, eta aurten Ereñori dagokio anfitrioi lanak egitea. Hala, 150 dantzari gazte bilduko dira domekan herri horretako frontoian.
Aurreko urteetako egiturari eutsiko dio aurten ere Kabelinatxe Egunak. 12:00etan hasiko da erakustaldia, Foruko Urdaibai, Ibarrangeluko Lorea, Gernika-Lumoko Elai-Alai eta Nabarniz eta Ereñoko Kabelinatxe dantza taldeetako gaztetxoen parte hartzeagaz. Besteak beste, Dantzari Dantza, Gipuzkoako eta Eltziegoko dantzak, Artzainak eta Inudeak, Kortes, Txulalai, Zapatari Dantza eta Marmutx dantzatuko dituzte frontoian bildutakoen aurrean.
Dantza saioa amaitutakoan ez da etxera joateko aitzakiarik egongo, dantzari zein ikusle, Kabelinatxe Egunean parte hartuko duten guztientzako hamaiketako txiki bat prestatuko baitute. Dantzariek, gainera, gozoki poltsa bana jasoko dute. Festa giroagaz jarraitzeko, trikipoteoa egingo dute.
Bestalde, aurten ere zozketa bat egingo du Kabelinatxe dantza taldeak. Irabazten duenak asteburu bateko egonaldi bat eskuratuko du, eta bigarrenak Arita-Berri jatetxean bi lagunentzako otordu bat.
32 dantzari
2010eko martxoan egin zuten Kabelinatxe dantza taldearen aurkezpen jaia, Nabarnizen, eta ordutik urtero-urtero antolatzen du Kabelinatxe Eguna. Gaur egun 3 urtetik 15 urtera arteko 32 ume eta gazte batzen ditu.