Udarako ingelesezko auzolandegiak antolatu ditu Mundakako Udalak
Aurreko urteetan egin modura, Mundakako Udalak gazteentzako ingelesezko auzolandegiak antolatu ditu Urremendirekin batera. Auzolandegiek ingelesaren ikasketa eta dibertimendua elkartzea dute helburu.
Sei eta hamalau urte bitarteko ume eta gazteei zuzendutako auzolandegiak dira, eta parte hartzen dutenek uztailean zehar izango dute horiez gozatzeko aukera. Bi txanda izango dira: Uztailaren 1etik 15era, 6 eta 8 urte bitarteko umeek parte hartuko dute, eta uztailaren 16tik 30era, berriz, 9 urtetik 14ra artekoek. Jakinarazi dutenez, auzolandegiak goizeko ordutegian soilik eskainiko dituzte.
Izena eman nahi duenak Mundakako Turismo Bulegora edo udaletxera jo beharko du maiatzaren 1a baino lehen, eta udalak jakinarazi duenez, izena ematerakoan lehentasuna izango dute herrian erroldatutakoek.