Unai Rementeria, domekan, Mundakan
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusirako EAJren hautagaiak sorterrian bertan aurkeztu du berarekin batera maiatzaren 22ko hauteskundeetara begira prestatutako zerrenda.
Olatua dator goiburupean, Mundakako ezker olatu famatuari egiten dio EAJk aipamena. Izan ere, “Bizkaia hazi arazteko ilusio eta aldaketa olatua” izan nahi dute jeltzaleek. Rementeriaren esanetan, “olatu on horrek dakartza berarekin politika berria, enplegu eta ekonomiaren aldeko apustu argia eta EAJk ordezkatzen dituen bermea eta segurtasuna”.
Politika egiteko “beste modu bat” ere aldarrikatu du mundakarrak, “irainetatik, gezurretatik eta joko zikinetik aldendua”. Halaber, ustelkeriarekin zorrotza izango dela esan du: “Berandu helduko gara batzuetan, nekatuta eta haserre ere… baina burua tente eramango dugu. Gure seme eta alabak harro egongo dira beti beren gurasoekin. Hori ez da negoziagarria”.
Batik bat, ekonomia eta enplegua izan zituen hizpide Rementeriak. “Aurrera egiteko eginak gara, herri hau berriro ere suspertzeko eginak. Olatu ona hartu behar dugu jarduera ekonomikoa sortarazteko eta berriro ere hazteko eta zerbitzu publikoak bermatzeko”. Horrez gain, EAJ “kudeaketa lan onaren eta egonkortasunaren bermea” dela esan zuen. “Bizkaiak behar duena gara ziklo hau behin betiko aldatzeko. Gure ibilbideak abalatzen gaitu: Bizkaia modernoa eraiki dugu, Europako erregio aurreratuenen pare gaude eta etorkizun ikusgarria dugu”.
Aurrera egiteko eginak gara, herri hau berriro ere suspertzeko eginak. Olatu ona hartu behar dugu jarduera ekonomikoa sortarazteko eta berriro ere hazteko eta zerbitzu publikoak bermatzeko”
Rementeriaz gain, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentea, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Juan Mari Aburto Bilboko alkatetzarako hautagaia eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko foru ahaldun nagusia izan ziren ekitaldian.
Zerrenda
Abokatu ekonomilaria da Unai Rementeria mundakarra, eta 41 urte ditu. Domekan aurreratu zuenez, EAJ-PNVren zerrenda osatzen duten 28 gizon eta 25 emakumeek bataz beste 42 urteko adina daukate, “ondo prestatuta daude, eta pertsona konpromisodunak dira”. Iragarri zuen 40 goi tituludun izango dituela lankide: “Hamaika abokatu, sei ekonomilari, bost Zientzia Politikotan titulatuak, bost kazetari, bi ingeniari eta osagile bat… eta lau langabe”.
-
-
-
-
-
-
-
-
-
-
Unai Rementeria, domekan, Mundakan