Gazteei zuzendutakoa izango da aurtengo TELP tailerra
Bermeoko Udalak eta Bermeoko Gazte Asanbladak antolatuta, TELP tailerra eskainiko da martxoaren 14an eta 28an. Goiko Plazako Kabidxe gune sozialean batuko dira zapatu bi horietan, 09:00etatik 14:00etara. Aurten, aipatu tailerra bereziki gazteei zuzendutakoa dela azaldu dute antolatzaileek.
Maite Alvarez de Zarate udaleko euskara teknikariak azaldutakoaren arabera, TELP tailerraren helburua «euskaraz berba egiten dugunean, zenbait aldiz sortzen diren egoeren aurrean eta izaten ditugun erantzun desegokien aurrean zelan jokatu aztertzea da».
Tailer horretan, modu praktiko batean, egoera deserosoen aurrean hobeto sentitzen erakusteko baliabideak eskaintzen dizkiete parte hartzaileei: «zenbat bider gertatu zaigu elkarrizketa bat euskaraz egin gura eta gaztelaniaz berbetan amaitzea? Holakoetan zer pentsatu, zer esan eta zer egin erakusten du TELP tailerrak». Hala, parte hartzaileek jarrera kontzienteak maila kognitiboan eta komunikatiboan landuko dituzte, eta zenbait estrategia ere landuko dituzte, sentsibilizazioa areagotzeko.
Alvarez de Zaratek nabarmendutakoaren arabera, tailerrean parte hartzeko oinarrizkoa izango da euskaraz egiteko gogoa izatea.
Gainera, aurton, bereziki gazteei zuzendutako tailerra da. Horretarako, Bermeoko Udaleko Euskara Saila eta Bermeoko Gazte Asanblada elkarlanean ari dira tailerra antolatzeko lanetan.
TELP tailerrean parte hartu gura duten gazteek ezinbestekoa izango dute aurretiaz izena ematea. Martxoaren 12a baino lehen egin beharko dute Bermeoko Gazte Asanbladaren facebookean edota udaleko Euskara Sailean. Gehienez, hogei lagunek parte hartu ahalko dute tailerrean. Gehiago apuntatzen baldin badira, izena emateko ordena errespetatuko dutela adierazi dute.