Antzezlanaren une bat
Egungo garaietarako gai ezin aproposagoa dakar Txintxaun Kolektiboak gaur gauean Bermeon taularatuko duen antzezlanaren bitartez.
The Full Monty filmaren moldaketa eginda, langabeziaren arazoari heldu eta izen bereko lana taularatuko du antzerki taldeak 21:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
Langabeziaren eta krisiaren gordintasuna alde batera utzi barik, erritmo biziko komedia dramatikoa proposatzen dio Txintxaunek ikusleari. Hamar aktorek parte hartzen dute
The Full Monty lanean: Andoni Ruiz, Aitor Aresti, Aitor Berrio, Fore Perez Oliver, Aitor Pareja, Joseba Romero, Raul Perez Oliver, Alizia Otxoa, Izar Narbaiza, Maite Lopez eta Sardo Irisarri.
Langabezian dauden sei lagunen istorioa kontatzen du
The Full Monty antzezlanak. Gaspar da protagonista nagusia, pentsioa ordaindu ahal izateko soldata bat lortu ezean denbora luzean Jon izeneko semea ikusi ezingo duen gizonezkoa. Gaspar eta beste bostak lur jota daude, autoestimurik barik. Euren egoerari irtenbide bat pentsatzen hasi, eta
streaptease ikuskizun bat prestatzea bururatzen zaie. Esan eta egin. Lotsa alde batera utzi, eta duintasuna berreskuratzeko ahalegina egiten dute sei lagunek. Bideoa, musika, koreografiak… uztartuz, krisi egoera baten aurrean irtenbide kreatibo bat egon daitekeela erakutsiko dute.
2011n estreinatutako lana
Berrizkoa da Txintxaun Kolektiboa, eta urtebete inguru prestatzen aritu ostean, 2011n estreinatu zuen film ingelesean oinarrituta Rosa Martinez-Alcocerrek moldatutako eta zuzendutako lana, Berrizen bertan. Orduz geroztik, hainbat izan dira antzerki taldeak han eta hemen egindako saioak.
Bermeokorako sarrerak Gizarte eta Kultura Etxean daude salgai, eta baita orotarako kutxazainetan eta
www.kutxabank.es webgunean ere, 5 eurotan.