Kultura Batzordearen eskariz aurkeztutako moziak erabaki politikoa eskatzen duela azaldu zuen EH Bilduk
Parte hartze prozesuan ondorioztatu zuten eraikin publikoek erabilera publikoa izan behar dutela
Txiki Parkearen erabilera publikoa izateko eskaera egin dio Gernika-Lumoko Kultura Batzordeak Gernika-Lumoko udalbatzari. EH Bilduren bitartez aurkeztutako mozioa irakurri zuten atzo, osoko bilkuran, baina ez zuten bozkatu. EAJk proiektuari buruzko informazio faltan oinarritu zen. Jeltzaleek azaldu zutenez, orain lau urte ere liburutegia Pasealekura eramateko mozioa aurkeztu zuten, eta proposamen horri buruzko informazioa eskatu arren, holakorik ez dutela jaso kritikatu zuten.
Jose Mari Gorroño alkateak, bere aldetik, Kultura Batzordearen proposamenak udal aurrekontuetan ere eragina izango lukeela aipatu zuen atzoko osoko bilkuran, eta eraginak aztertu beharko liratekeela aipatu zuen. Jose Ramon Bilbaok, bestalde, Kultura Batzordeak eskatzen duena erabaki politikoa dela azpimarratu zuen. Hala ere, arrazoi desberdinak tarteko, Kultura Batzordearen proposamena mahai ganean uztea eta martxoko osoko bilkuran aztertzea erabaki zuen udalbatzak.