Ttakuntxo txalaparta taldeko eta Alkartasuna Dantza taldeko musikariak iazko txalapoteoan
Ttakuntxo Txalaparta taldeak eta Alkartasuna Dantza Taldeko musikariak antolatutako ekimena da zapatukoa. Hain zuzen ere, bigarren urtez jarraian, Txalapoteoa egingo dute. Txalaparta kalera ateratzeko helburuagaz hasi ziren iaz Txalapoteoa antolatzen, eta aurten horrekin jarraitzea erabaki dute.
13:00etan ipini dute hitzordua. Goizean zehar, Alde Zaharretik egin gura dute ibilbidea. Elkarrekin Bermeko Kafe Antzokian bazkaldu ostean, 17:30eatik aurrera, Portuzarretik eta Lameratik jarraituko dutela zehaztu dute, eta azken ekitaldia, berriz, 19:30ean egingo dute Lamerako kioskoan. Eguna modu horretara finkatuta badute ere, eguraldiak ibilbidea mugatu ahalko duela azaldu dute antolatzaileek.
Txalaparta bultzatzeaz eta kalera ateratzeaz gain, herria girotzea dute beste helburuetako bat. Iazko Txalapoteoan giro «polita» sortu zutela diote, «nahiz eta eguraldi txarra egin zuen orduan ere».
Bermeoko txalapartariak eta musikariak parte hartzeaz gain, Gernika-Lumotik eta Mungitik etorritako txalapartariak ere izango dira etzi Bermeon. Hala, «inguruko herrietako txalapartariekin batzeko» aukera ere eskaintzen die Txalapoteoak, «gure arteko harremanak sendotzeko modu bat ere bada», diote.