Mendebaldeko Saharako deskolonizazio prozesuari amaiera ematea eskatu diote Espainiako Gobernuari
Nazio Batuen Erakundeak 70 urte beteko dituen urtean, Espainiak Mendebaldeko Sahara “bazterrera utzi” zuenetik 40 urte igaro direla gogora ekarri du EH Bilduk. Gauzak horrela, Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeke dagoen lurralde ez autonomoa dela eta Marokoren okupaziopean dagoela ere gogoratu du. Hala, deskolonizazio prozesu horri amaiera emateko eskatu dio Espainiako Gobernuari bertoko koalizazioak Gernika-Lumoko udaletxean aurkeztutako mozio baten bitartez. EH Bilduren eskaera hori aho batez onartu du Gernika-Lumoko osoko bilkurak.
EH Bilduren arabera, Nazio Batuen Erakundeei eta bere estatu kideei dagokie deskolonizazio kontuetan “erantzukizun nagusia”, eta, bidezko eta behin betiko konponbideen bilaketaren erantzukizuna, berriz, Segurtasun Kontseiluari. Espainiako Gobernua da, esaterako, 2015-2016 agintaldian Segurtasun Kontseiluko kide ez iraunkor, eta, berari eskatu diote, horrenbestez, Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesuari amaiera emateko bere erantzukizuna “premiaz” betetzea eskatu diote, horretarako, “Herri Sahararraren borondatearen adierazpen libre eta benetakoa ziurtatuko duen erreferenduma eginez”.
Halaber, deskolonizazio eta lurralde ez autonomoen kontuetan Nazio Batuek finkatutako doktrina babesteko eskaria ere egin dio Gernika-Lumoko udal gobernuak Espainiako Gobernuari.
Azkenik, Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioari konpetentziak esleitu diezazkioten ardura hartzea exijitu diote Espainiari, hartara, “Saharako biztanleen eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak babes eta sustatu ditzan”.
Aho batez onartutako mozio hori Espainiako errege-erreginen bizilekura, Espainiako Gobernuko presidentziara, Kanpo-arazoetako Espainiako Ministeriora eta Nazio Batuen Espainiako Misio Iraunkorrera bidaliko dutela jakitera eman dute.