Gautegiz Arteagan dagoen zentroa
Aurten ere Urdaibain bertan egiteko ikerketa eta dibulgazio beka bi emango dituzte BBK Fundazioak eta Urdaibai Bird Center-ek. Gautegiz Arteagako zentrotik zehaztu dutenez, “langabezian dauden gazteei zuzendutako lan-harremanik gabeko prestakuntza praktikak dira, eta Lanbideren laguntza daukate”.
Hiru dira beken helburuak. Batetik, “naturarekin eta ingurumenarekin zerikusia daukaten ikasketetan tituludunei prestakuntza praktikak egiteko aukera eskaintzea”, eta, horretarako, “beteko diren lanak Urdaibai Bird Center-eko ikerketa lerroetan eta proiektuen dibulgazio zientifikoarekin erlazionatuta egongo dira”. Bestetik, “gazteek prestakuntza esperientzia har dezaten, natur inguruaren ikerketan, dibulgazio zientifikoan eta habitataren maneiu eta kudeaketan” ariko dira. Horrekin batera, “Urdaibai moduko inguru naturalen balio naturalistikoen ezaguerak eta dibulgazioak” ere garrantzita izango dute prestakuntzan. Hirugarrenik, pertsona horien lan munduratzea erraztea daukate helburu bekek; hain zuzen ere, “ikerketarekin, ekoturismoarekin, eta, azken finean, gaur egun etorkizun handia daukan
Lan berdea deritzonarekin erlazionatuta dauden lanetan”.
Bekak eskatzeko baldintza batzuk bete behar dira: prestakuntza hasten den unean gehienez 25 urte izatea (apirilaren 1a), langabezian egotea, egoitza fiskala Bizkaian izatea, Biologia edo Ingurumen zientzietan unibertsitate-titulua izatea eta BBK Fundazioak finantziaturiko praktiketako programetan aurretik parte hartu ez izana.
Horrez gain, hizkuntzak ezagutzea baloratuko dute; eta baita ornitologian, ekologian eta ingurune naturalari dagozkien gaietan esperientzia eta ezaguerak izatea ere. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako balio naturalistikoei buruzko ezaguera izatea ere kontuan hartuko dute.
9 hilabete iraungo dute prestakuntza praktikek; hain zuzen, apirilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean. Astean 30 orduko lan praktikak egingo dituzte bekadunek, goizez, arratsaldez edo goiz eta arratsaldez, baina inoiz ez gaueko txandan. Tutore bat izango dute zentroan, eta pertsona hori izango da praktikak ondo egiten direla egiaztatuko duena.
4.500 euro gordin jasoko dituzte bekadunek, 9 hilerokotan ordainduta eta ogasun publikoari egin beharreko dedukzioak eginda. Ordainketa pertsona onuraduna titularra den Kutxabank-eko kontuan egingo dute.
Eskaerak jasotzeko epea martxoaren 22an amaituko da.