Ereñoko lasterketa, artxiboko irudian
23 urtez azpiko txirrindulari ez profesionalek hitzordu garrantzitsua daukate domekan, egun horretan lehiatuko baita Gernikesa elkarteak eta Ereñoko Gerendape Kirol Klubak antolatutako XII. Ereñoko Udala Sari Nagusia. Gainera, proba horrekin hasiko da Lehendakari Txapelketako egutegia. Hortaz, sari nagusia irabazteaz gain, Lehendakari Txapelketako lehenengo liderra erabakitzeko balioko du eskualdeko lasterketak.
10:30ean hasiko da proba, Ereñoko Atxoste auzotik, eta ostean 105,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek. Besteak beste, Ibarrangeluko Laida eta Laga hondartzetatik, Arboliztik, Eatik, Ispastetik, Lekeitiotik, Gautegiz Arteagatik eta Nabarniztik igaroko dira txirrindulariak. Ereñoko helmugara gutxi gorabehera 13:16an iritsiko direla aurreikusten dute.
Parte hartu nahi duten txirrindulari amateurrek Arita Berri jatetxean eman beharko dute izena.
Esan bezala, Lehendakari Txapelketako lehenengo proba puntuagarria izango da Ereñokoa. Gainontzekoak Lizartzan, Laukizen, Lizarran, Zornotzan, Bergaran, Duranan, Markina-Xemeinen, Bergaran, Beasainen, Tolosan, Antzuolan, Muxikan, Elgoibarren, Gernika-Lumon, Urdulizen, Bermeon, Oñatin eta Zaldibian izango dira.
Master saria ere bai
Bestalde, martxoaren 14an Ereñoko III. Master Saria lehiatuko da, eta zabalik dago izena emateko epea. Hain zuzen, www.kirolprobak.com webgunearen bitartez egin behar da inskripzioa, 12 euro ordainduta. Gehienez ere 200 txirrindularik parte hartuko dute, eta aurretik kupo hori bete ezean, probaren egunean bertan ere eman ahalko da izena, Arita Berri jatetxean.
Kasu horretan, 86,5 kilometroko ibilbidea izango dute txirrindulariek.