Eguraldi txarra dela eta, baxurako arrantzaleek ez dute itsasoratzeko aukerarik eduki
Berdela deskargatzen
Gaurtik [otsailak 25] aurrera berdela arrantzatzeko baimena dute Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontziek. Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak 00:00etan ireki du kostera. Berdeleta arinago astea espero bazen ere, Espainiako Gobernuak erabakia atzeratu egin zuen kuota berriro kalkulatu ahal izateko.
Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu modura, denetara
12.437.472 kilo harrapatu ahal izango dituzte kantauri itsasoan arrantzatzen ari diren marinelek, hasiera batean erabakita zegoena baino zertxobait gehiago. Euskal arrantzaleei dagokionez, 5.240.691 kilo arrantzatzeko baimena izango dute, eta kopururik handiena bizkaitarrentzat izango da. 3.701.495 kilo harrapatzeko baimena izango dute 2015eko kosteran. Gipuzkoarrek, ostera, 1.539.196 kilo arrantzatu ahal izango dituzte.
Kantauri itsasoko beste lurraldeei dagokionez, honela banatu dira kuotak:
Kantabria 3.347.520 kilo, Galizia 2.651.502 kilo eta Asturias 1.197.759 kilo.
Berdela kaxetan
Espainiako gobernuak nabarmendu duenez, berdelaren kuota igotzen saiatuko da, eta haren arabera, “baliteke 2015ean igoera bat izatea”.
Marinelek hurrengo egunotan arrantzara irtetzeko esperantza badute ere, azken egunotan itsaso zakarra tarteko, baxurako ontziek ezin izan dute berehalakoan arrantzara atera. Ontziek portuan lotuta geratu behar izan dute, eta ezin izan dute berdela arrantzatzera atera. Hurrengo egunotan ere, eguraldiaren aurreikuspenak ez dira oso onak, eta baliteke datorren astera arte baxurako ontzirik ez itsasoratzea.