Bermeoko Berton txiki-erdi enpresen elkarteak urtero antolatzen duen merke-merke azoka zapatuan egingo dute. Egun bakarreko azoka izango da eta Taraskan bilduko dira herriko saltokiak, 10:00etatik 21:00etara.
Merke-merke azokara bertaratzen direnek «kalitatezko produktuak» eskuratu ahalko dituzte «prezio ekonomikoetan». Jakinarazi dutenez, herriko 20 saltoki inguruk parte hartuko dute aurtengo azokan, eta horietan, mota askotako produktuak aurkitu ahalko dira; besteren artean, ume, gazte, gizon zein andrazkoentzako oinetakoak eta arropak, lentzeria eta dekorazioa. Horrez gain, egun berean, herriko beste zenbait dendek kalera aterako dituzte produktuak. Merke-merke azokaren bitartez, herriko dendak herritarrengana hurbiltzen direla uste du Berton elkarteak. Hala, zapatuan Taraskan egingo den azokara herritar asko hurbiltzea espero dutela azaldu dute.