Araneko kiroldegiko zenbait instalazio berritu ditu Bermeoko Udalak. Hala, batetik, rokodromoaren egoera hobetu dute, eta bestetik, fitness funtzionala egiteko egitura berria eta modernoa jarri dute. Udalak «kirolaren eta herritarren osasunaren aldeko apustua egiten duela eta», Irune Ormaetxea kirol zinegotziaren arabera, « helburu garrantzitsua da, kiroldegiak kalitatezko zerbitzu modernoak eskaintzea eta instalazio egokiak izatea».
Zenbait erabiltzaile Fitness Funtzionaleko makina berria erabiltzen
Fitness funtzionala egiten duten kirolariek, «era erosoago eta berritzaile batean» praktikatzeko aukera dute orain. Purmotion izeneko egitura berria jarri baitute kiroldegian. Egitura hori aukeratu dute, metodo horrekin «mugimendu patroiak hobeto landu daitezkeelako, eta era berean, material aldakorra aldi berean erabiltzea ahalbideratzen duelako; besteren artean, txikotak, tenkatzaileak edota plataforma ezegonkorrak», azaldu du Kirol Patronatuko zuzendari Itxaro Zabalak.
Egitura berri horrek, gainera, egoera fisiko ezberdinak dituzten erabiltzaileentzat aukerak eskaintzen dituela jakinarazi dute.
300 presa berri
2010. urtetik kiroldegian aurki daitekeen rokodromoak ere aurpegi berria dakar. Hain zuzen ere, 300 presa berri erosi dituzte eta orain arte egon direnak desmuntatu eta garbitu egin dituzte ibilbide berriak diseinatzeko. Ibilbideak birdiseinatzeko, Mikel Urkidi eskalatzaile bermeotarraren laguntza izan dutela jakinarazi dute. Rokodromo berrituak maila guztietako eskalada zaletuek erabiltzeko ibilbideak dituela aipatu dute. Adin txikikoak ere joan daitezke, beti ere, nagusi baten ardurapean.
Lan horiek guztiak egiteko Enagasen diru laguntza izan dute.
Bestalde, kirol zerbitzuak hobetzen joateko ahaleginak eginda, aurton, biking gelako eta gimnasioko material kardiobaskularra berritzeko asmoa dutela iragarri du Ormaetxeak.
Azken aldian, gainera, igerilekuan kale berri bat egin dute eta bankuak ere jarri dituzte. Hala, zapatuan, lehenengoz, eskola mailako igeriketa lasterketa egin ahalko da Araneko kiroldegian.