Gaixotasun arraroak dituztenen familiak laguntzeko jaialdia egingo dute Astran
Jaialdia egingo du Berritxuak GKEk Astran, zapatuan; Epidermolosis Bullosa Distrofikoa edo Tximeleta azala deritzon gaixotasuna ikertzeko dirua batu gura dute: 18.000 euro behar dituzte guztira.
CIEMATek (Energia, Ingurumen eta Teknologia ikerketerako zentroa) Madrilgo Carlos III unibertsitatearekin batera esku artean duen ikerketa bultzatu gura dute. Gaixotasuna arindu dezakeen teknika bat dute esku artean: gaixoei ama zelula mesenkimalak transplantatzea, hain zuzen.
Baina familiak laguntzea ere badute helburu, «beraien ondoan egon gura dugu, bakarrik ez daudela ikus dezatela». Gaixoak dira, baina ez dira arraroak. Hori dio Berritxuak Gobernuz Kanpoko Erakundeko kide Silvia Hojasek. Gaixotasun Arraroen Mundu Mailako Eguna dela eta, jaialdia antolatu dute zapaturako. Astran egingo dute.
Dirua batzeko zozketa egingo dute. Herriko merkatari eta ostalarien laaguntzarekin, 25 sari inguru banatuko dituzte: bi lagunentzako asteburupasa, gau erromantiko baterako egonaldiak, bi lagunentzako bazkaria, sesio bat ileapaindegi batean, Titin IIaren, Txomin Aranaren, Iker Muniainen edota Bilbaobasketeko jokalariek sinatutako kamisetak, tatuaje bat egiteko bonoa… eta beste zotz egingo dituzte zapatuan. Txartelak hainbat dendatan daude salgai, 2 euroan.
EGITARAUA:
Otsailaren 28an
11:30. Hitzaldia: Bizimodua gaixotasun arraro baten aurrean.
12:30. Ross dantza eskolaren saioa. Ostean, zumba klasea umeentzat.
14:30. Herri bazkaria.
16:00. Umeentzako tailerrak: puxikak, ponpoiak, Hawaiko gonak, makarroiekin lepokoak nola egin, aurpegia nola margotu…
19:30. Umorezko monologoak: Jony Prohibido eta Gotzon Arrien.
21:00. Kontzertua: Malvadillos eta GreenDog.