Promete taldea hartuko dute zapatuan Gernika Bizkaiako neskek, etxean
Joan den asteburuko atsedenaren ostean, etengabeko erritmoari helduko diote Gernika Bizkaiako neskek. Denboraldia amaitzeko zortzi partida jokatu beharko dituzte bost astetan, eta, horietan lehena zapatuan izango dute Malosten 18:30etik aurrera, Logroñoko (Errioxa) Promete taldearen aurka.
Sailkapenean bosgarren postuan dira Gernika-Lumoko neskak; alegia, play-offetatik postu bat beherago. Zortzi partidaren faltan, lehenengo lau postu horietan sartzeko ilusioz dago Gernika Bizkaia, «zaila» izango dela jakin arren. Hala ere, ez dutela etsiko argi utzi du taldeko entrenatzaile Mario Lopez.
Hori lortzeko, zapatuan Prometeren aurka duen partida irabazi beharko dutela lehenengo dio Lopezek. Horren ostean, Bembibre eta La Seu taldeen aurka etxean jokatuko dituzten partidek ere garrantzia handia izango dutela azaldu du.