Busturialdean, beharrizana duten familia asko daude oraindik. Horiei laguntzeko ahalegin handia egiten dute Bermeoko Kate Sarea elkarteak eta Gernika-Lumoko Caritasek.
Politikarien arabera, egoerak ekonomikoak hoberantz egin dezake aurten. Mirenlur Santiago Bermeoko Kate Sarea elkarteko presidentea, berriz, ez dator bat: “jendea laguntza barik geldituko da aurten, eta ez dira lanpostu berriak sortzen”. Elkartearen ustez, 2015ean egoerak “berdin” jarraituko du, “edo zertxobait txarrera ere egin dezakeela” deritzo; “guregandik laguntza jasotzen duten horien kopurua berdina izaten jarraituko duela uste dut, edota laguntza jasotzen dutenen kopurua handituko dela”. Horregatik, 2015. urtea gogotsu hasi dute, eta beharrizana duten herritar horiekin elkarrizketak egiteari ekin diotela azaldu du Santiagok.
Orain arte, 400 lagun baino gehiagori eman diote laguntza. Horietatik 120, hamabi urtetik beherako umeak izan direla zehaztu du.Egoera zelan dagoen ikusita, Kate Sareakoek laguntzen jarraituko dutela diote, eta janaria batzeko kanpainak egiten jarraituko dute. Gainera, biltegiak edozein gauzetarako zabalik dituztela azaldu du Santiagok, “arropak, jostailuak edota etxeko tresnak batzeko, besteren artean”. Anasagasti Tar Teodoro kalean duten biltegia elikagaietarako erabiltzen dute. Arropak, berriz, Santa Maria elizaren atzeko lokalean gordetzen dituzte. Jakiak hamabostero banatzen dituzte, hile bakoitzeko kehen egunean eta 15ean, hain zuzen ere. Arropak, berriz, hilero.
Proiektu ugari
Bestalde, esku artean proiektu berri bat dutela dio Santiagok: «Eleizalde ikastolako gazteak Kate Sarea ezagutu gura dute. Elkarteak egiten duenaren berri emango diegu eta gazteek gure biltegiak bisitatuko dituzte; jakin dezaten zer den elikagaiak batzeko biltegi bat eta zelan funtzionatzen duen». Izan ere, Eleizalde ikastolako DBH 4. mailako ikasleen Gazte Ekintzaile Solidarioak (GES) proiektuak Bermeon bertan eragingo du aurton, Kate Sareagaz egingo baitute lan. Ikasleekin aritzeko proiektu hori, bestalde, herriko gainontzeko ikastetxeetara zabaltzeko asmoa dutela iragarri du Santiagok. Orain arte GES proiektuaren bitartez, beste herrialde batzuetako ikastetxeekin eta elkarteekin batera lan egin izan dute ikasleek.
Emakumea ere protagonista izango da aurton Kate Sarean. Hain zuzen ere, horien autoestimua lantzeko tailerrak antolatuko dituztela jakinarazi du elkarteko presidenteak: “konturatu gara, batez ere, emakumeak direla guregana arazoak kontatzera hurbiltzen direnak, eta autoestimu falta nabaria dute horiek. Horregatik, lagundu egin gura diegu, eta hori lantzeko tailerrak antolatuko ditugu”. Tailer hori ez da egun bakarrekoa izango eta proiektua ondo landuta dutenean, erakunde ezberdinengana joko dute, baita herriko elkarteengana ere. Tailer “irekia” izango da; nahiz eta emakumeei bideratuta egongo den, gizonezkoek ere parte hartzeko aukera izango dutela diote.
Inguruko herrietara ere Kate Sarearen mezua iritsi dela dio Santiagok, horregaitik zenbait bilera egitea aurreikusi dute: “Gernika-Lumoko elkarte batekin batuko gara, eta baita, Mundakako Udalarekin ere; katea osatzen joatea da gure helburua”.
Etorkizunari baikor begiratzen dio Kate Sareak. “Jendeak dagoeneko badaki nortzuk garen eta zer den egiten duguna. Hau da, irabazi asmorik gabeko elkartea garela”.
Aurreiritzietatik aldendu
Askotan, oraindik ere, «atzeko atetik» lan egiten du Kate Sareak, “jendeak eurengana hurbiltzeko duen lotsagatik”. Bestalde, jendea, orokorrean, zintzoa bada ere, “lotsa gutxi dutenak ere aurkitu ditugu bidean, zenbaitetan gezurretan ibili direnak, alegia. Hala ere, horrek asko ikasteko balio izan digu eta denbora guzti honetan aurreiritzietatik aldentzen ikasi dugu”.
Elkarteak telefono mugikor bat ez duela eta, Bermeoko Udalari laguntza eskatu diote: “gure telefono pertsonalak erabiltzen ditugu, eta pobreziak eta etsipenak ordutegirik ez duela gogorarazi gura diegu udaleko arduradunei. Edozein ordutan deitzen digute”.
303 lagun Caritasera
Gernika-Lumon, berriz, Caritasera hurbiltzen dira laguntza behar duten familiak. Horiek ez dituzte jakiak banatzen, baina beharrizana dutenei arropak banatzeaz arduratzen dira, eta herritarrek eta erakunde publikoek zein pribatuek egiten dituzten diru-ekarpenekin, zenbait arlotan lagundu ahal izaten diete familiei.
2014an, 303 lagun izan ziren Gernika-Lumoko Caritasen. Gernika-Lumoko boluntario baten esaneten, orain dela urte batzuk, etorkinak ziren bertora hurbiltzen ziren gehienak: “orduan ez zituzten laguntzak jasotzen. Egun, baina, diru laguntzak jasotzen dituzte, eta guregana hurbiltzen den etorkinen kopurua jaitsi egin da. Bertoko bizilagunen bisitak, berriz, gora egin dute”.
Batez ere, emakumeak dira Caritasera hurbiltzen direnak, “gizonak, bakarrik daudenean baino ez dira etortzen. Emakumeak dira familiaz arduratzen direnak, eta horiek dira laguntza eskatzen dutenak”.
Gernika-Lumoko Caritasek bi arlo dituela dio hango boluntarioak: bata, harrera da, eta bestea, jantzitegia. Harreran, bizi duten egoeraren berri ematen dute laguntza eske doazenak, eta dokumentuak aurkeztu behar izaten dituzte. Izan ere, Caritasek eskatzen dituen zenbait arau bete behar dituzte onuradun izan nahi dutenek. “Jantzitegian, berriz, herritarrek ekartzen dizkiguten arropak batzen ditugu; arropa asko ekartzen dute eta kalitate onekoa”.
Caritasera hurbiltzen diren askok laguntzak jasotzen badituzte ere, kasu askotan ez da nahikoa izaten: hala, “ezohiko gastuetarako laguntza txiki bat ere ematen diegu benetako beharrizana dutenei: argia ordaintzeko, ikastaro batera joateko, ikasturte hasierarako liburuak erosteko, sendagaiak erosteko…”.
Bestalde, zenbait gastutan beherapenak lortzeko, herritarrek egin behar dituzten kudeaketak egiten ere laguntzen dietela aipatu du Caritasek. Gizarteratzeko laguntza eskaintzea ere “garrantzitsua” dela uste dute, eta horretan saiatzen dira, zenbait aholku emanez. Gizarteratzean laguntzeko bide horretan, joskintza ikastaro bat antolatu ohi dute: “jostea ez da helburua, baizik eta jatorri ezberdinetako lagunen arteko elkarbizitza lantzea”. Gorabeherak izaten diren arren, iazko ikasturtean, esaterako, hamalau lagunek parte hartu zuten ikastaroan.
Caritaseko kideak herriko kolaboratzaileekin “oso pozik” daude, “ederto” portatzen baitira. Urtean bi kanpaina egiten dituzte; bata, Gabonetan, eta bestea, herriko jaietan: “jendea oso eskuzabala da”. Horregatik, Gernika-Lumoko Caritaseko boluntarioek laguntza ematen duten herritarren eta erakundeen lana eskertu dute.
Martitzenetan eta eguenetan hartzen dituzte bisitak, 10:00etatik 12:00 etara. Gainera, Gernika-Lumoko herritarrei arreta emateaz gain, Busturialdeko bizilagunek ere erabili dezakete zerbitzua.