Herritarrek Goiko Plazako
Kabidxe erreferentziazko gune soziala ezagutzea gura dute, gunea erabiltzen duten taldeek. Hala, bihar arratsaldean, ateak irekiko dituzte eta talde bakoitzak bere burua aurkezteaz gain, musika eta jan-edana ere egongo direla azaldu dute.
17:00etatik aurrera,
Kabidxen parten hartzen duten taldeen aurkezpena egingo dute; talde bakoitzak bere erara egingo du aurkezpena. Hain zuzen ere, MB 2000 taldeak, Alde Zaharreko Haitz Nagusijek, Sareginek Feministen elkarteak, Txikitzerik gurasoen taldeak, Sahararen alde lan egiten duen Besaldek, Bermeoko Gazte Asanbladak eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak egingo dituzte aurkezpenak.
Behin talde bakoitzak bere burua aurkeztuta eta zer egiten duten azalduta, «guneko inaugurazio desekitaldi ofiziala» egingo dutela diote antolatzaileek. 21:00etan, berriz, Urgatz talde bermeotarrak kontzertu akustikoa eskainiko du Kabidxen bertan. Ondoren, 22:00etan, musika kalera aterako dute, Goiko Plazara, hain zuzen ere. Meñakako Endemaño taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Batetik, Kabidxe osatzen duten taldeek elkar ezagutzeko aukera izango dute gaur, eta bestetik, herritarrek Goiko Plazako gune sozial hori ezagutzeko aukera ere izango dute. Hori, baina, errazago egiten da jan-edanarekin eta jolasekin, eta horiek ez direla faltako azaldu dute antolatzaileek.
Joan den abenduan sinatu zuen Bermeoko Udalak aipatu gunea erabiltzen duten taldeekin hitzarmena eta
Kabidxeren helburuak honakoak izango direla zehaztu zuten: dinamika sozialak herriratzea, erreferentzi gune bihurtzea, taldeen beharrak asetzea, taldeen arteko harremanak lortzeko lekua izatea eta herritarren beharrak asetzea.