Enplegu jardunaldiak antolatu ditu Bermeoaldeko Behargintzak
Langabetuei zuzendutako jardunaldiak dira eta horien bitartez, lana bilatzeko prozesuan laguntza eta aholkularitza eskaini gura die.
Behargintzatik jakinarazi dutenez, enplegu jardunaldiak bi egunetan egingo dituzte: otsailaren 12an eta 26an, biak eguenak, hain zuzen ere. Saio biak 10:00etatik 13:00etara izango direla zehaztu dute eta Bermeoko Behargintzaren bulegoetan eskainiko dituzte (Zubiaur Tar Kepa 26-28, udal azokan, lehenengo solairuan).
Lehenengo saioan, lan baterako elkarrizketa zelan prestatu behar den jorratuko dute izena ematen duten horiek. Bigarrenean, berriz, psikoteknikoak eta talde dinamikak landuko dituzte bertaratutakoek.
Behargintzatik gogorarazi dutenez, «gaur egungo krisiaren ondorioz, egoera ezberdinak bizi dituzten langabetuak daude. Horregatik, askok zailtasunak izaten dituzte lana bilatzeko momentuan eta laguntza behar izaten dute». Egoera zelan dagoen ikusita, Behargintzak jardunaldi horiek antolatzea erabaki du, «bilketa aktiboan interesa duen edozein pertsonari zuzenduta». Horietan, laneratze gaitasunak eta teknikak landuko baitituzte.
Otsailean izango diren jardunaldi horietan parte hartu gura dutenek, aurretiaz izena eman beharko dute Behargintzaren bulegoera jota, 94-617 91 90 telefono zenbakira deituta edota behargintza@bermeo.org-ra mezu bat idatzita.