Bilbon urtarrilaren 26an hasi eta otsailaren 2an amaituko den Zinegoak jaialdiak segida izango du Gernika-Lumon, otsailaren 12an. Hain zuzen, bederatzi lan ekarriko dituzte Lizeo Antzokira. Aurten, 12. edizioa du Bilbon egiten den gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak.
Amerikako Estatu Batuetako (AEB), Espainiako, Suediako, Alemaniako, Erresuma Batuko eta Australiako zein Euskal Herriko ekoizpenak ikusteko aukera izango dute herritarrek, Gernika-Lumoko Lizeo zine aretoan. Emanaldia 20:00etan hasiko da.
Jatorrizko bertsioan
Dramak, komediak eta animazioko ikusentzunezkoak izango dira Gernika-Lumora ekarriko dituztenak, laburmetraiak horiek denak.
Hain zuzen ere, 4 eta 17 minutu arteko iraupena izango dute lanok.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, film labur guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte. Hala ere, laburmetraiek euskarazko edo gaztelerazko subtituluak izango dituztela gaineratu dute.