Joan den neguko denboraleek utzitako kalteak konpontzeko lanak izan direla azaldu dute Bizkaiko Foru Aldunditik.
Txatxarramendi uharteko Talaiako lurzoruko harlauza gehienak mugituta zeuden joan den negutik. «Hala, lurzoruan zuloak eta maldak zeuden, erabiltzaileentzako oso arriskutsuak zirenak», diote Foru Aldundiko Ingurumen Sailetik. Egin berri duten lanokaz, «denboraleei aurre egiteko gai izango den lurzoru iraunkorragoa» jarri gura izan dute. Horretarako, lurzoru guztia kendu dute, berdinketa lanak egin dituzte eta inprimatutako hormigoizko lurzoru berria jarri dute, harlauzen forma mantenduz. Guzti hori egiteko erabili duten materiala, «guztiz iraunkorra» dela jakinarazi dute.
Bestalde, Txatxarramendi uharteko talaia inguratzen duen eserleku perimetrala ere margotu egin dute.
Lanok egiteko, bi hilabete behar izan dituzte, «euriagatik, denbora gehiago behar izan da amaitzeko», diote.
Bizkaiko Foru Aldundiak 20.122, 60 euroko inbertsioa egin du Txatxarramendi uharteko talaia konpontzeko.