Programarako ideiak batzeko lau batzar egingo ditu Busturia EH Bilduk otsailean
Hauteskundeen aurreko azken txanpan sartu da Busturiko EH Bildu, eta oinarri sozialaren diagnostikoa eta herritarrentzako inkestak egin ostean, herrirako aurreikuisten duten programa aberasteko ideiak bildu nahi ditu orain. Horretarako, herritarrekin lau batzar egingo ditu otsailean. Nazio mailako programa markoa oinarri hartuta, herrirako baliogarriak diren ildoak eztabaidatuko dituzte bertan.
Otsailaren 3an egingo dute lehen batzarra, eta kultura, euskara, kirola eta jaiak izango dituzte izpide. Otsailaren 10ean, berriz, udal kudeaketaz jardungo dira. Otsailaren 17an egingo dute hirugarren bilera ekonomia arloaz berba egiteko. Azkenik, otsailaren 24ko batzarrean politika sozialei buruz hitz egingo dute.
Egun horietan guztietan 19:30etik 21:00etara elkartuko dira Busturiko Altamira auzoko kultur etxean.