
Olatu handiengatik, alerta naranjan daude kostaldeko herriak. Bost metrora arteko olatuak espero dira, Bermeon, esaterako, olatuak olatu-horma gainditzen ari dira. Bermeoko Udaletik jakinarazitakoaren arabera, “udaltzaingoa zaintza berezia egiten ari da portuan, eta olatu-horma itxita dago”.
Goizaldean ezarri dute alerta naranja eta bihar 09:00etan amaituko da, itsasgorarekin batera.
Euskalmet euskal meteorologia agentziak jakitera eman duenez, haize bolada handiak espero dira eta horrek itsas korronteekin bat egingo du. Marea biziak kontuan hartuta, olatuek bost metro baino gehiagoko altuera har dezaketela iragarri dute. Gaur arratsaldeko itsasgora (17:25) eta bihar goizaldekoa (05:42) izango dira unerik kritikoenak. Aipatu ordu horietan, ipar mendebaletik datozen olatuak handiak izan ahal dira eta olatu batetik besterako tartea 15-18 segundotakoa izango da, batazbeste.