Orain arteko posturik onena eskuratu du Aranak Dakarrean
Urtarrilaren 4an hasi zuten auto, moto, quad eta kamioi gidariek 2015eko Dakarra, eta, geroztik, Argentina, Txile eta Bolivia artean ibili dira. Guztira, bederatzi etapetan parte hartu dute, eta, oraindik ere, lau dituzte aurretik. Bihar hamargarren tartea egin beharko dute Calamatik Cachira bidean, eta erlojupeko tarteak 371 kilometro izango ditu. Txomin Arana Ereñoko moto gidaria lehenengo 20 piloturen artean aterako da, gaurko etapan 14. postua lortu ostean. Hain zuzen, aurten Dakarren lortutako emaitzarik onena da gaurkoa Aranarentzat. Sailkapen nagusian, bestalde, 16. postuan da ereñarra.
Itsaso paretik abiatu dira gaur moto gidariak bederatzigarren etapa bukatzea helburu. Hala hasi du Aranak berak ere, 20. postutik. 51 kilometroko bidea eginda hasi dute erlojupeko tartea (450 kilometro) moto pilotuek; hasieran dunetatik, eta amaieran, zuloz betetako pista irregularretatik igarota. Itsaso parean hasitako bidea, hala ere, 3.500 bat metroko garaiera zeukan helmugan amaitu dute gidariek.
Etapa gogorra izan bada ere, lehenengo 20ren artean ibili da etapa osoan Ereñoko moto gidaria gaur. Guztira, 6 ordu, 5 minutu eta 7 segundoko denbora behar izan du ereñarrak bederatzigarren etapa amaitzeko; hain zuzen, Helder Rodrigues garaileak baino 58 minutu eta 53 segundo gehiago.
Aurreko etapan ere, emaitza ona lortu zuen Aranak, sailkapenean 18. postua eskuratuta. Hotz handia egin zuen atzo Boliviako Uyuni inguruan, eta horren beldur ziren hainbat pilotu, hipotermia arazoak egongo zirelakoan. Hala izan zen, eta, horregatik, parte hartzaileetariko askok bertan behera utzi behar izan zuten lasterketa. Aranak, berriz, «nahikoa lasai» hasi zuen zortzigarren etapa hori; dena den, zenbait arazogaz topo egin zuen bidean.
Gainontzeko motoak bezala, ereñarrarena ere gatzaren ondorioak pairatzen hasia da, eta, ondorioz, mekanikariak lan handia egin behar izaten du berau konpontzeko.