Bermeoko irakurleen txokoak ekimen berezia prestatu du zapaturako. Hain zuzen ere, Markina-Xemeinera joango dira. Bisita horretan, Bizenta Mogelen txokoak ezagutuko dituzte, bera izan baitzen euskaraz idatzi zuen lehenengo emakumea.
Bermeoko udal liburutegitik aterako da oraingoan irakurleen txokoa. Izan ere, 1.782an jaiotako Bizenta Mogelen ekarpenak ezagutzera joango dira Markina-Xemeinera. Yolanda Arrieta idazlea izango dute parte hartzaileek gidari lanetan.
22 urterekin, 1.804an, argitaratu zen Bizenta Mogelen lehen liburua. Hainbat izan ziren Mogelek egindako lanak, horietako batzuk gorde egin dira, baina beste asko, sakabanatuta daude. Arlo askotan, gainera, bere sasoian aitzindaria izan zen Mogel, ez bakarrik literatura arloan, baizik eta emakumearen eskubideei dagokienez ere. Zapatuko irakurleen txoko berezi horretan parte hartzen duten horiek, Mogelen bizitzaren pasarteak ezagutzeko aukera izango dute Markina-Xemeindik egingo duten ibilbidean. Yolanda Arrietak Mogelen obraren, izaeraren eta kemenaren berri emango die bertaratutakoei.
Argiaren alaba hizpide
Bestalde, ibilbidearen ostean egingo duten tailerrean, gidari lanak egingo dituen Yolanda Arrietaren
Argiaren alaba liburuaz ariko direla azaldu dute antolatzaileek: «idazlea hobeto ezagutzeaz gain, gaur egungo bizimoduarekin dituen loturak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek».
Zapatuan, irakurleen txokotik egingo duten irteera hori librea dela diote, hau da, edozein herritarrek parte har dezake. Joan gura duten horiek eguena baino lehen eman beharko dute izena Bermeoko udal liburutegian. Zapatuan, 10:30ean ipini dute hitzordua.