36ko gerrako fronteen erdian
36ko gerran Berriatuan eta Lekeitioko frontean izandako bizipenak jaso ditu liburuan Patxi Juaristi soziologo markina-xemeindarrak; gaur aurkeztuko die lana berriatuarrei.Errosario domekan, 1936ko urriaren 4an ailegatu ziren frankistak Berriatuko mendi...
36ko gerran Berriatuan eta Lekeitioko frontean izandako bizipenak jaso ditu liburuan Patxi Juaristi soziologo markina-xemeindarrak; gaur aurkeztuko die lana berriatuarrei.
Errosario domekan, 1936ko urriaren 4an ailegatu ziren frankistak Berriatuko mendietara, eta Ondarroako Burgo baserritik hasi eta Madalenako ermitarainoko inguru guztia hartu zuten, bai eta Larruskain eta inguruko mendi eta baserriak ere. Beste aldean, Asterrika inguruan, Itsasalde konpainiakoak egon ziren 1936ko irailetik azaroaren azken egunetara arte, tropa frankisten aurrerapena gelditzeko asmoz. 1937ko apirilaren 27an sartu ziren, azkenean, frankistak Berriatuan.Hilabete horretan guztietan, 36ko gerrako frontea euren lurretan egon zeneko berriatuarren bizipenak ikertu eta jaso ditu Gerra Zibila Berriatuan eta Lekeitioko Frontean liburuan Patxi Juaristi soziologo, idazle, historialari eta EHUko irakasleak. Liburuaren asmoa gertatu zena berreraiki eta sufritu zuen herritarren oroimena bizirik gordetzea dela dio.
Berriatua eta 1936ko gerra dira liburuaren ikergai nagusia, baina Berriatuko gertakizunak hobeto ulertzeko Berrezarkuntza garaia eta II. Errepublika ere ikertu ditu Juaristik. Liburuan, beraz, XIX. mendearen amaieratik gerra ostera arteko urteetan Berriatuan gertatu zirenak aztertzen dira, ikuspuntu sozial, politiko eta ekonomikotik.
Markinako liburua egiten zegoela, Markinako frontea hobeto ulertzeko, Berriatuko partean ere egin zituen elkarrizketa batzuk. Horren harira, 2011ko azaroan hitzaldi bat eman zuen Berriatuan, eta horretarako prestatzen ibili zen Juaristi. Ikertzen hasi eta historiak harrapatu zuen berriz soziologo markina-xemeindarra. Horrela, hiru urte egin ditu Berriatuko historia ikertzen eta aztertzen, eta joan den Durangoko azokan ikusi zuen argia lanak. Gaur, berriz, liburua bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute berriatuarrek, idazleak berak Zentrala Kultur gunean 19:00etan egingo duen aurkezpenean.
Historian sakontzeko, Berriatuko bizilagun asko elkarrizketatu ditu Patxi Juaristik. Gerra bizi izan zutenak, baina batez ere gerra ezagutu zutenen seme-alabak. Berriatuko historian sakontzea gaitzago egin zaio. «Markina-Xemeinen, adibidez, artxi- boa udaletxean dago, baina Berriatuko udaletxeak 1956an sua hartu zuen, eta desagertu egin zen artxibo guztia», azaldu du. Markinan garai horretan gerran parte hartu zuten guztien zerrenda ikusteko aukera izan zuen, eta soldadutzara joan ziren guztiak aztertu zituen, baina Berriatuan ezin izan du hori egin. Garai hura bizi izan zuen jende asko hilda dago, gainera. «Gauzak kontatu dizkidatenen artean bakarrik bat dago bizirik, eta hamabost elkarrizketa inguru egin nituen».
Garai hori gure historiaren zati garrantzitsu bat dela dio Juaristik. «Gaur egungo Euskal Herria ulertzeko garai garrantzitsua. Hala ere, orain hasi da historia lokala aztertzen, orain arte inguru honetako ezer gutxi egon da eginda».
Lekeitioko frontea
Lekeitioko fronte osoa Berriatuko lurretan zegoela kontatzen du Patxi Juaristik liburuan. Komandantzia Lekeition zegoen, eta soldaduak Ispasterko lurretan dagoen Zubiateko jauregira jaisten ziren edo Lekeitioko Zita Enperatrizaren jauregira. «Horregatik deitu zioten Lekeitioko frontea, baina benetan frontea Berriatuan zegoen».
Berriatua bi fronteren erdian geratu zela ikusi du, gainera, Juaristik. Alde batetik, Milloi eta Asterrikatik hasi eta Milloitik zehar Itxoñomendirainoko aldea zegoen, eta bestetik, Txindurrimendi eta Madalena ingurua zeuden. Berriatua, beraz, erdian geratu zen, ez batean ez bestean.
Baserri guztiak, herritarrak nora alde zuten… guztia ikertu du. Berezitasunak ere aurkitu ditu, esate baterako, Berriatua guztia hustu egin zutela. «Eusko Jaurlaritzak agindua eman zuen herria husteko eta Erribera guztia esan daiteke hustu egin zela, eta Madalena partea ere bai. Zazpi hilabetean egon zen frontea geldirik, baina egun batetik bestera ikusten zuten hasiko zela, eta beldur horren aurrean, Jaurlaritzak herria uztera behartu zituen berriatuarrak».
Ondorioz, lapurreta pila bat egon zirela kontatu diote elkarrizketetan Berriatuko familiek Juaristiri. «Hainbat etxetan kontatu didate, gerora ikusi egiten zituztela euren etxeetan ostutako gauzak. Beste baten etxera joan eta euren etxeko ontziteria, esate baterako, hantxe ikusi».
Hori da interesgarriena soziologoarentzat. «Zelan den gai holako herri txiki bat, 1.200 biztanle izango zituena, holako egoera bati buelta emateko». Zauriak egon ziren, baina desagertzen joan direla ikusi du. Lapurretez gainera, salaketak ere egon ziren, herritar batek beste baten aurka egindakoak, baina denboragaz gainditu dituzte. «Diktadura baten azpian, Frankismoaren azpian jendeak ez zuen txintik esaten, baina horrez gain, nahiz eta batzuk oso gauza gogorrak pasatu, jendeak aurrera egiteko gaitasuna eduki du».
Berriatua oso errepublikazalea zela ere konturatu da. Primo de Rivera atzerriratu zenean, 1930ean, lehen udal hauteskundeak egin ziren, eta ondoren beste hauteskunde bi, 1931n eta 1933an. Hiru hauteskundeetan errepublikar batek irabazi zuen. «Ingurune hau, Lea-Artibai, ingurune kontserbadorea zen; karlista edo nazionalista. Etxebarrian ere errepublikar batek irabazi zuen 1933an, baina ez zen ohikoa; Berriatuarena, beraz, kasu berezia zen».
Bestalde, beste leku batzuekin alderatuta, artxiboetan aurkitu ahal izan dituen datuen arabera, ez omen zen jende asko hil. «20-25 errupublikar hil ziren, baina hau hipotesi bat besterik ez da, seguru erregistratu gabeko jende gehiago dagoela», dio. Hil ziren erreketeak gehituta hildakoak 90 bat izan ote zirela uste du Juaristik. Sei zibil ere hil ziren bonbardaketen eta tiroen ondorioz, eta kleroko bi kide fusilatuta (abade bat Larruskainen eta moja bat Bartzelonan). Idazleak dakiela, herriko mutilik ez zen hil borrokatzen, eta beste fronte batzuetan baino soldadu gutxiago hil zirela pentsa daiteke. Hala ere, bateren batek zer edo zer gehiago esateko zain dago.
Atxiloketak, isunak, ondasunen bahiketak, bortxazko lanak… Patxi Juaristiren liburuari esker berriatuarren garai horretako historia gorde egingo da.