Gabon giro polita sortzea lortu zuten joan den zapatuan udal azokan. Hain zuzen ere, bertoko produktuen gabonetako II. azoka egin zuten, eta jende ugari bertaratu zela azaldu dute Bermeoko Udaletik. Hala, azoka berezi horren balorazio «positiboa» egin dute, helburuak «bete» dituztela aipatuta: «Bermeoko azoka sustatzeko pausoak eman ditugu eta itsasoko eta baserriko sasoiko produktuak kontsumitzearen garrantzia nabarmendu dugu».
Adin guztietako jendea bertaratu zen zapatuan azokara; nagusiak, batez ere, erosketak egitera eta giroaz disfrutatzera hurbildu ziren, umeak, berriz, tailerretan parte hartzera eta Olentzero ikustera. Udaletik jakinarazi legez, «Olentzero lanpetuta ibili zen, asko izan zirelako eskutitzak eramatera hurbildutako umeak».
Lanbide Hastapeneko sukaldarien menuak ere arrakastatsuak izan ziren beste behin ere, «ia guztia saldu zuten», diote.
Bestalde, azokan izaten diren ohiko produktuez gain, beste produktu berezi batzuk ere izan ziren. «Bai plazako saltzaileak eta bai kanpotik etorritakoak ere, orokorrean, pozik agertu dira, baita bertaratutako bezeroak ere», diote udaletik. Hortaz, helburuak beteta, «pozik» agertu da Bermeoko Udala.