Zamalanetarako hiru gune daude Lamera inguruan
Bermeoko Udalak Lamera parkeko zamalanetarako gunea berrantolatu zuenetik merkantziak banatzeko arazoak dituztela eta, kexu da Adisbask-Euskadiko Horeca banatzaileen elkartea. Udalak, azaroaren amaieran egin zuen zamalanen berrantolaketa hori, Lamerako lurzorua eta oinezkoak babestu ahal izateko, oinezkoentzako gune bihurtuta.
Adisbask-Euskadiko Horeca banatzaileen elkarteko presidente Igor Lopezek azaldutakoaren arabera, «oinezkoen guneekin ados gaude, gure sektorearentzako ona baita». Hala eta guztiz ere, oinezkoentzako guneak «herri barruko merkantzia banaketaren plan batekin» egin daitezkeela dio Lopezek. «Lameratik atera gaituzte lurzorua apurtzen dugula eta oinezkoentzako kaltegarriak garela esanez. Gurekoiak garela esaten digute, gainera. Oinezkoentzako gune askotan egiten dugun modura, ordutegi zehatz batean, kamioi txikiekin Lamera parkera sartzeko proposamena egin genien udaletxeko arduradunei, baina ez digute kasurik egin», esan du elkarteko presidenteak.
Berrantolaketak eginda, hornitzaileen furgonetentzako eta kamioientzako hiru zamalan gune jarri zituen udalak. Horiek, baina, autoz beteta egoten direla zehaztu du Lopezek, «gure hornitzaileen lana zailduz, askotan aparkatzeko lekurik ez dutelako». Hala, Lopezen arabera, «Lameran ezin bagara sartu, zamalanentzako guneak autoz beteta badaude eta udaltzaingoak, gainera, ez badu ezer egiten, nola eramango ditugu edariak eta elikagaiak tabernetera? Ostalaritza nahi dugu herrian, baina gure arazoak dendetara edo tabernetara iris daitezke, eta ondoren, herritarrengana».
Udalean hainbatetan «euren kexkak» agertu dituztela azaldu dute: «gure ustez, erabaki politikoak daude guztiaren gainetik eta ez dute gure sektorearen problematikaz ezer jakin nahi». Guzti horregatik, «baztertuta» sentitzen direla diote.
Egokitzapen egunak
Bermeoko Udaletik, bestalde, zamalanen guneak hornitzaileen beharrizanei «hobeto erantzuteko» antolatu direla azaldu dute, «Adisbask-Euskadiko Horeca banatzaileen elkartearen beharrizanak atenditzeko prest egon gara eta gaude».
Zamalan guneen berrantolaketa azaroaren amaieran martxan hasi zela gogorarazten dute udaletik. «Herritarrak jakinaren gainean izan arte, egokitzapenerako zenbait egun izan ziren, eta horregaitik zeuden autoak aparkatuta», azaldu dute Bermeoko Udaletik. Egokitzapenerako egun horiek igarota, Udaltzaingoak zamalanen ordutegian gune horietan aparkatuta egon diren ibilgailuei salaketak jarri dizkiela jakinarazi dute: «hainbat dira izapidetu diren salaketak, abenduaren 10era arte, 40 inguru».
Aldaketa hori herriarentzat «ezinbestekoa» dela iritzita, «guztion ahalegina eta egokitzapen prozesua» beharrezkoak direla azaldu dute udaletik. Zamalan gune horien erabilera egokia egiteko, udala «gai horren inguruko» jarraipen zehatza egiten ari dela jakinarazi dute.