Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoak berrizteko lanak hasi ditu Gernika-Lumoko Udalak
Udaletxeko beheko solairuan kokatuta egongo den leihatila bakarreko bulegoa izango du lanak amaitutakoan Gernika-Lumok, hartara, “gernikarrek kudeaketa eta izapide administratibo guztiak gune bakar batean egin ahal izateko”.
Lan horien kostua 80.397 eurokoa izan dela jakinarazi du udalak, eta egokitzapen lan horiek otsailerako bukatzea aurreikusten dutela azaldu du.
Hain zuzen, 63,47 metro koadroko azalera izango du bulego berriak, eta orain arte Erregistroa eta Estatistika Saila izan diren lekuan egongo da gune hori.
Obra horiei esker, herritarrek izapideak “azkarrago” egiteko aukera izango dutela adierazi du Begoña Landa Gernika-Lumoko alkateordeak; izan ere, udalaren helburua da hori, eta, horregaz batera, “eskaintzen diren zerbitzuak kalitate handiagoagaz ematea”.