Bihar goizaldean hasita, bederatzi egunetan abestuko dituzte Marijesiak Gernika-Lumon
Aurton ere, Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Fernando Astoreka eta Jose Antonio Uriarte Itxaso izango dira Marijesietako bakarlariak, eta bederatzi gauez, herritarrekin batera Gernika-Lumoko kaleak soinuz beteko dituzte. Urtero legez, 04:00etan hasiko dituzte Marijesiek beraien kantuak eta 06:00ak bitartera arte ariko dira behar horretan.
Gernika-Lumoko txoko gehienetara ailegatzeko asmoa dute, beste urte batez, Marijesiek, eta, horretarako, bederatzi egunetako errondak prest dituzte dagoeneko. Bihar goizaldean Lurgorri auzoan abestuko dute, eta leku berean ariko dira hilaren 19an, 21ean eta 24an. Errenteria auzoan, berriz, hilaren 17an, 20an eta 23an abestuko dute. Azkenik, Tiloetatik ibiliko dira kantuan abenduaren 18an eta 22an.
Marijesietako azken egunean, abenduaren 24an, diru bilketa egingo dute, ohi bezala, goizeko errondan. Hala, bertan lortutako dirua Gambiako (Afrika) Camins Solidaris Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dutela jakinarazi dute.