Ekitaldi berezia egin dute gaur iluntzean, Gernika-Lumoko merkatu plazan. Han batu diren herritarrei konpromisoa eskatu eskatu diete, Jone Amezaga babesteko konpromisoa. Kirol elkarteak, kultur arlokoak, gizarte eragileak, musikariak, aisialdiko taldeak, ostalariak, merkatariak, langileak, sindikatuak…. Hainbat dira Jone libre nahi dutela adierazi dutenak, eta hori agertu dute gaur iluntzean, jendartean. Horiek denek ere beraien aterkipea eskaini diote Jone Amezagari, babesa. Dendek, tabernek, taldeek.. zeinek bere aterkia duela adierazi dute gaurko ekitaldian, eta, atxilotu nahi duten arren, denda horietako, taberna horietako ateak zabalik dituela adierazi gura izan dute. “Gure partiduetan gurekin jolastea gustatuko litzaiguke, gure udaletan hartuko dugu, gure lantokietan presente dago, berarekin kafe bat hartzeko prest gaude, gure kontzertuetarako gonbidapena zalantzarik barik dauka, mendi irteeretara gurekin etortzea nahi dugu, gure lokalean esperoan gaude, gure elkarteak pozik hartuko du, lagun faltarik ez du, eta herria berarekin amesten jarraitu nahi dugu”. Beraz, horien aterkiak zabalik dituela esan diote Jone Amezagari, ateak legez. “Gure aterkipea zurela delako, gure delako, denona delako”.
Herria berarekin amesten jarraitu nahi dugu”
Aterkipeak babesa ematen duen arren, babeslekua ez dela esan dute eragile guzti horiek: “askatasun gunea baizik; bertan libre sentiaraziko zaitugu, Jone”. Hala, gautik hasita, deialdia egin diete eragile eta talde horiek herritarrei: aterkiak zabal ditzatela, herri librea eratzeko: “Denon aterkiak zabalduz gero, denentzako izango delako herri librea. Jonerentzat, zuentzat eta guretzat”.
Gernika-Lumoko gazteek ere bere babesa, elkartasuna eta konpromisoa adierazi diote Amezagari, merkatu plazako ekitaldian. Berak kalean utzi duen hutsunea betetzen jarraituko dutela esan dute: “Zugaz jarraituko dugu gure asmoak eta helburuak betetzeko bidean; orain arte legez, egunerokotasunean lanean. Zugaz egongo gara, zugaz egon gara beti, amesten dugun Euskal Herri hori elkarrekin eraikitzeko”.
Konpromisoak hartzeko eskatu, eta inguruak kutsatzeko eskatu dute, hurrengo egunei begira. Hurrengo asteburua bitartean, indarrak batzeko eskatu dute. “Ekaitzaren aurrean, zabaldu ditzagun denok aterkiak, herri osoa babestu arte. Gure konpromisoarekin, egin dezagun Gernika eremu librea, egin dezagun Jone, eta gutariko bakoitza, libre”. Nork bere konpromisoak hartzera gonbidatu dituzte, “ez dago mugarik, norbere irudipenetik harago”.
Gure konpromisoarekin, egin dezagun Gernika eremu librea”
Jone Amezaga bera ikusteko aukera ere izan dute merkatu plazan batu direnak, bideo bidez. Amezagak berak, hitz batzuk izan ditu herritarrentzat. Eker oneko berbak izan dira, baina konpromisoak ere eskatu ditu. “Herri honetan libre izatearen hautua egin dut, eta libre bizitzera noa” –esan du–, “baina hori posible izateko, indar erakustaldi hau konpromiso bilakatu behar da; eta, horretarako, zuek beharrezkoak zarete. Zuen danon eta bakoitzaren esku dagoelako ni libre bizi ahal izatea”.
Lagunen eta gertukoen babesa ere izan du gaur Amezagak. Eta egun hauetako samin eta ezinegona arintzen laguntzen duen elkartasuna eskertu du haren familiak. Bere aita den Xabier Arriaga ‘Txiplas’-ek bertsoa ere eskaini dio, maitasuna eta harrotasuna erakutsiz.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.