Mundakak aurten ez du hutsik egingo, eta ohiturari eutsita, txakolin eguna ospatuko du bihar. Herri ezberdinetako hiru motatako txakolinak dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Txakolinaz gain, beste zenbait produktu ere izango dituzte aukeran.
Aurrekoetan egin moduan, hiru txakolin mota izango dira aukeran bihar Mundakan. Hain zuzen ere, Bakioko, Busturiko eta Iurretako ekoizleak hurbilduko baitira kostako herrira horretara euren produktuak eskaintzera.
11:00etan emango diote hasiera aurtengo txakolin egunari. Ohi legez, Mundakako udaletxeko arkupeetan bilduko dira bai txakolin ekoizleak zein azoka txikian parte hartuko duten gainontzeko produktuen ekoizleak ere; izan ere, txakolinaz gain, bertaratzen direnek patea, gazta eta etxeko gozoak dastatzeko eta erosteko aukera ere izango dute, besteren artean.
Guzti horrez gain, jakinarazi dutenez, taloa eta txorizoa ere dastatu ahalko da udaletxeko arkupeetan goizean zehar.