Barikuan eta zapatuan, etxean lehiatuko dira Bermeo eta Gernika
Hirugarren mailan lehiatzen diren Bermeo eta Gernika taldeek etxean jokatuko dute asteburuko partidua. Bermeok gaur neurtuko ditu indarrak, eta Gernikak, berriz, bihar. Bermeotarrek Lagun Onak taldea hartuko dute Itxas-gane zelaian, eta gernikarren zelaian, ostera, Beasain taldea izango da.
20:00etan hasita, sailkapenean 14. postuan den taldearen aurka lehiatu beharko da Bermeoko taldea. Sei puntuko aldeak banatzen ditu sailkapen orokorrean bermeotarrak azpeitiarrengandik. Eta alde horri esker da Bermeo sailkapeneko bederatzigarren postuan. Hamabosna partidu jokatu dituzte bi taldeek; bizkaitarrek sei irabazi dituzte, eta gipuzkoarrek, aldiz, lau.
Gernikarren partidua, bestalde, 17:00etan hasiko da bihar. Busturialdeko talde honek, bera baino postu bi gorago dagoen taldea hartuko du Urbieta zelaian. Errenta gutxi ateratzen diote beasaindarrek bermeotarrei; hain justu, bi puntu. Hala, Beasain bigarren postuan dagoen bitartean, Bermeo laugarren da, 29 puntugaz eta bederatzi partidu irabazita. Garaipen kopuru bera jaso du Beasaineko taldeak.