Bermeoko Udaleko Euskara Sailetik adierazi dutenez, diru laguntza horiek eskatzen dutenek zenbait baldintza bete beharko dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta udalarekin zorrik ez izatea.
Aurrekoetan egin moduan, eskariak Berh@z bukegoan aurkeztu beharko dira abenduaren 11a baino lehen. Eskatzaileek, hain zuzen ere, eskaera orria, NAN-aren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakia aurkeztu beharko dituzte. Horrez gain, prestakuntza euskaraz jaso izanaren eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duela ziurtatzen duen agiria ere eraman beharko dute Berh@z bulegora.
Baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileek, aurten, 75 euroko laguntza jasoko dutela jakinarazi dute.
Diru laguntza horiekin Bermeoko Udalak gazteak animatu nahi ditu gidabaimena prestatzeko orduan euskara erabili dezaten: «batez ere, gazteek izaten dute horretarako interesa eta gazte gehienak euskaraz alfabetatuta daude».
Hala, Euskara Saileko arduradunek Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu daitekeela gogorarazi nahi izan dute, «teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz dago», diote.