Tellaetxe Tar Josu kaletik lotuko dute saihesbidea eta herrigunea
Atzo eman zituen azalpenak Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Unai Rementeria Foru Aldundiko bozeramaileak. Hala, Aldundia Bermeoko saihesbidea eta herrigunea lotzeko bidea egiteko prest dagoela iragarri du Rementeriak: “nahiz eta eskumena Bermeoko Udalarena den, Aldundiak eraikiko luke errepide hori”. Errepide hori egiten hasteko, baina, “Bermeoko Udalak bide hori egiteko beharrezkoak diren lurrak -egun pribatuak- Aldundiaren esku jarri beharko ditu”, azaldu du Rementeriak.
Bestalde, jakinarazi duenez, Herri Lan Sailetik bide berri hori izan litekeenaren zirriborro bat egiten ari dira, “hemendik gutxira” Bermeoko Udalari bidaliko diotena.
Udalaren atzerapena kitikatu
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) udal gobernu taldeak gai horretan daraman atzerapena kritikatu du: “udalak bederatzi hilabeteko atzerapena darama lurrak kudeatzeko gaiari dagokionez”. Jeltzaleen arabera, 2014ko martxoan, “udal arkitektoak gaiari buruz egindako txostena aztertu ostean”, gobernu taldeari eskatu zioten “aurrekontuetan horretarako diru kopuru jakin bat gordetzea eta errepartzelazio proiektua abiaraztea”. Era berean, exekuzio unitate horietako lur-jabeekaz harremanetan jartzeko eskaria ere egin ziotela gaineratu dute: “zoritxarrez, udalaren borondate faltaren ondorioz, lan horiek guztiak oraindik egin gabe daude”.
Bizkaiko Foru Aldundiak egindako eskaeraren ostean, Bermeoko EAJk “berriz eskatzen dio gobernu taldeari errepartzelazino proiektuagaz hastea eta lur-jabeekaz beharrezkoak diren kudeaketak egiten hastea. Espero dugu oraingoan udalak bere ardurak hartzea, kudeatzen hastea eta proiektu honi dagokion lehentasuna ematea”.
Artike bidea itxita zapatuan
Bestalde, saihesbideko lanak direla eta, Artike bidea kalea, Irastorza lantegitik aurrera, zirkulaziora moztu beharko dute zapatuan 07:00etatik eta lanak amaitu arte. Egun horretan Artikeko biaduktua egiteko hormigoizko habeak eramango dituzten garraoi bereziak ibiliko direla zehaztu dute. Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, datozen asteetan ere beste bi egunetan moztu beharko dute zirkulazioa gune horretan, hala ere, oraindik egun horiek ezin dituztela zehaztu azaldu dute.