Umeak Bermeoko Goiko Plazan, azaroaren 25ean
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna dugu azaroaren 25a, eta Euskal Herriko Bilgune Feministak erasoei aurre egiten jarraitzeko beharraz ohartarazi du.
Autodefentsa feministaz lehertu! du goiburu kaleratu duen irakurketak, eta zapalkuntza patriarkalaren aurrean engranaje guztiak lehertzeko beharra azaleratu du.
2014an Euskal Herrian, indarkeria sexistak dagoeneko hiru emakume erail dituela salatu dute, eta aurten, indarkeria adierazpen ezberdinak sostengatzen dituen sistema eta makineria seinalatu nahi dute. Diotenez, krisiaren izenean, neoliberalismoa birsortzea dute helburu egiturazko erreforma eta murrizketek, eta «emakume zaintzailea eta familia heteropatriarkalaren indartzea bultzatzen dute, generoaren araberako lan banaketan eta emakumeen bizi baldintzen prekarizazioan sakonduz».
Erasoei kolektiboki erantzuteko beharra dagoela dio Bilgune Feministak, eta azaroaren 25ean ere erantzuteko deia egin du. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunean, kalera aterako dira herritarrak. Aurreko eta osteko egunetan ere emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko hainbat kitaldi izango dira. Elkarretaratzeak bakarrik ez, tailerrak, mahai-inguruak, zine emanaldiak… antolatu dituzte.
Adierazpen instituzionala onartzeaz gain, etxe, balkoi, eraikin, bulego… Ikusgarri diren lekuetan puntu morea jartzeko deia egin dute erakunde publikoek. Bermeon, Sareginen sarekadie egingo dute azaroaren 22an, 13:00etan, Lameran. Martitzenerako, berriz, elkarretaratzea deitu dute. 19:30ean batuko dira, Lameran. Udalak deitutako elkarretaratzea 12:00etan egingo dute, Goiko plazan.
Gernika-Lumon ere kalera ateratzeko deia egin du Eraso sexistei Stop! plataformak. 19:00etan batuko dira, merkurio iturriaren aurrean. Goizean, 11:30ean,
Beldur Barik lehiaketaren sari lokalak banatuko dituzte, Elai-Alai aretoan.
Nabarnizen, indarkeria matxista eta teknologia berriei buruz ariko dira hilaren 30ean, herriko gazteekin. 18:00etan batuko dira, udaletxe zaharrean.